"Urratsez urrats, elkarrekin zuen eskubideen alde!" lelopean, Leioako Udalak hainbat sentsibilizazio-jarduera egingo ditu hurrengo astean, Mugikortasunaren Europako Astearen testuinguruan. Ohiko jarduerakaz batera, aurten, berritasun gisa foto-pintura teknika baten bidezko esku-hartze artistiko batean oinarritzen den kanpaina ere egingo dute.
Iban Rodriguez Etxebarriak nabarmendu du Leioak "oinezkoekiko adeitasunean aurrera egitea ahalbidetzen duten ekimen guztien alde" egiten duela, "batez ere, haurrekin, kalean egotea, gure plazak eta parkeak okupatzea garrantzitsua baita guretzat udalerri gisa, baina batez ere haientzat". "Jolastu, dibertitu eta erlazionatu egin behar dute, euren garapenaren eta hazkundearen parte da, horixe dagokie egitea, eta guk hala izan dadin laguntzeko betebeharra dugu, udal arduradun gisa eta guraso gisa", gaineratu du.
Aurten, berria izango den kanpaina horretan, udalerriko 15 pertsonaren irudiak azalduko dira –guraso-elkarteetako gurasoak, osasun-zentroko erizain erretiratua, udaltzaingoko burua, tokiko kirolariak, merkatariak...– helduei umeek mugitu eta udalerrian autonomiaz egon ahal izatearen garrantziaz galdetzen, hausnarketarako galderakaz.
Hamaika jarduera
Horrez gain, urtero ekimenak ere egingo dituztela iragarri du Leioako Udalak. Batetik, Haur Ibiltarien Topagunea egingo dute, irailaren 16an, astelehena, 10:00etan, Errekalde plazan. Egun horretan, Leioako zortzi ikastetxeetako 300 bat ikaslek, jolas hezitzailearen dinamikagaz eta sentsibilizazio kanpainagaz bat etorriz, jolasaren, osasunaren, eremu publikoaren eta abarren inguruan dituzten eskubideei buruzko ideiak eta ekarpenak kontrastatzeko aukera izango dute. Ekintza bideoz grabatuko dute, eta zapatuan, hilak 21, ikusi ahal izango da, Oinezkoen Martxaren irteeran.
Martxa hori Sakonetako Kiroldegitik aterako da 11:00etan, eta lurrean margotutako zebra zuriak jarraituz, parte hartzaileak tarta handi batera arte helduko dira, ekimenaren 20. urteurrena behar bezala ospatzeko. Horrez gain, ekimenaren amaieran, urtero bezala, familiei zuzendutako jolas- eta kirol-jarduerak egingo dituzte Errekalde plazan.
Bukatzeko, Leioak bat egingo du irailaren 22an, domekan, autorik gabeko egunagaz. Egun osoan zehar, zirkulazioa moztuko dute Elexalde etorbidean, Udaletxeko biribilguneraino, eta baita Iparragirre etorbidean ere, erdigunetik igarotzean eta zirkulazioaren bi noranzkoen zerbitzu-bideetan. Hala, ibilgailuentzako ohiko bi bide horiek oinezkoek hartuko dituzte, eta goizez, 11:00etatik aurrera eta eguerdira arte, aisialdirako hainbat proposamenez gozatu ahal izango dute: kirol-jarduerak, bizikleta birziklatuekaz eg erakusketa eta patinen eta bizikleten gune bat txikienentzat.