Bizkaiko Foru Aldundiaren Bosteko 24 ekimenaren 27. edizioak bere ibilbideari ekin dio gaur Leioan. Karratu Beltz Leuna izena daraman erakusketak hiru emakume artistaren proposamenak biltzen ditu: Maider Aldasororen eskultura eta ikus-entzunezko pieza, Leire Lacunzaren argi-instalazioak eta Natalia Suarez Ortiz de Zarateren pinturak. Artistak Bilbao Arteko bekadunak dira eta Ertibil Bizkaia lehiaketan sarituak izan dira.
Maria Goirigolzarri komisarioak gidatu duen erakusketan lanek inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen dute, zentzuzko judizioa aldi baterako eteten duen arreta-modu berezi bat aktibatzeko gai den interfaze gisa. Erakusketak espazio esekian murgiltzea proposatzen du, objektu artistikoari modu berrituan begiratzeko eta, hortik, galdera hau egiteko: Zer bitxikeria daude formaren atzean?
Agendako erreferentea
Gaur, Kultur Leioan egin duten aurkezpenean ere izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kirol eta Kultura diputatua; Iban Rodriguez Etxebarria Leioako Alkatea; Amaia Aguirre Getxoko alkatea; Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko udalburua.
Arrizabalak azpimarratu duenez, "Bosteko Bizkaiko kulturaren agendako erreferente bat da, eta Bizkaiko talentu eta arte plastikoak bultzatzeko ezinbesteko ekimena da". halaber, diputatuak hiru emakume egileen talentua ere goraipatu du.
Bere aldetik, Leioako alkatea pozik azaldu da "artista hauek hemen izateagatik", eta azpimarratu du Leioako Udalaren helburuetako bat dela kultura herritarrengana hurbiltzea: "Leioak guztiontzako kultura irisgarriaren aldeko apustu irmoa egiten du, gure ardatz estrategikoetako bat da, eta Bosteko horren erakusgarri da".
Leioan ibilbidea hasi duen erakusketa urriaren 6ra arte egongo da Kultur Leioan. Hauek izango dira horren hurrengo geralekuak: Amorebieta-Etxano, urriaren 15etik azaroaren 3ra; Getxo, azaroaren 5etik 25era; Arrigorriaga, azaroaren 28tik abenduaren 18ra eta Basauri, abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra.