Laket Leioako jabekuntza eskolako ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago

Erredakzioa 2024ko ira. 23a, 13:30

Leioako 30 ikastaro baino gehiago eskainiko ditu Laket Jabekuntza Eskolaren bitartez. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak gaur, irailak 23, irekiko du Laket Leioako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolako tailer eta ikastaroetan izena emateko epea. 2024/2025 ikasturterako 30 jarduera baino gehiago eskainiko dituzte, besteak beste, feminismoa, osasuna, identitatea, emakumeen subjektibotasuna eta balio-aldaketa bezalako gaien inguruan.

Udal-iturriek aurreratu dutenez, Laket Leioako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren ikasturte honetako programaren helburu nagusia da emakumeen partaidetza soziala eta politikoa sustatzea, emakumeen ahalduntzearen bidez. Horretarako prestatu dituzten ikastaroetako izen-emateak irailaren 23tik urriaren 15era arte egongo dira zabalik, eta modu presentzialean egin ahal izango dira udaletxean, Gaztelubiden edo modu telematikoan udalaren webgunearen bidez. Plazak mugatuak dira eta zozketa bidez esleituko dira, Leioan erroldatutako emakumeei lehentasuna emanez.

Eskaintzak feminismoa, osasuna, sexualitatea, kulturartekotasuna eta autodefentsa bezalako gaiak jorratuko dituzten 30 saio, tailer eta ikastaro baino gehiago izango ditu, Irakurketa feministaren kluba, Antisorgailuek emakumeen osasunean duten eragina eta Matxosfera desmuntatuz bezalako jarduera nabarmenakaz. Gainera, haurtzaindegi-zerbitzua ere aurreikusi dute, aldez aurretik eskatuta, emakumeen parte-hartzea errazteko.

Sortu zenetik, Laketek udalerriko emakumeen ahalduntzearen alde lan egin du, eta 100 jarduera baino gehiago eskaini ditu bost urtetan zehar. Ikastaroak Mendibileko lokalean egiten dituzte, doakoak dira eta adin guztietako emakumeentzat daude zabalik, baita gazteentzat ere, bereziki haientzat diseinatutako tailerrakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun