Leioak familietan euskararen erabilera sustatzeko tailerrak jarri ditu abian

Ander Zarraga 2024ko ira. 25a, 12:11

Erica Liquete Sorgina Txirulinak zortzi ipuin-saio eskainiko ditu Leioan ikasturte osoan zehar.

Leioako Udalak famili ez euskaldunetan euskara sustatzeko doako programa bi hasiko ditu urrian: adingabeentzako ipuin kontalariak eta euskarazko aisialdi tailerrak.

Urriaren 4tik aurrera, Leioak Sorgina Txirulina izeneko ipuin-kontalarien programa abiatuko du, euskaraz hitz egiten ez duten 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat. Horretan, hilean zortzi saio egingo dituzte 2025eko maiatzera arte, Kultur Leioan, familiei giro lasaian hizkuntza horretara hurbiltzeko. Izen-emateak udal euskara zerbitzuaren bitartez egin daitezke.

Bigarren programa, Familian, aisialdia euskaraz bizi! izenekoa, urriaren 18an hasiko da eta hiru tailer eskainiko ditu abendura arte, doakoak eta euskaraz. Programa honek Leioako familia euskaldunen arteko harremanak sendotu gura ditu, artile, sukaldaritza eta talo tailerrak egiten dituzten bitartean.

Bi ekimen horiek Udalak familia- eta aisialdi-guneetan euskararen erabilera sustatzeko egiten dituen ahaleginen parte dira, eta aukera emango diete familia ez-euskaldunei euskararen ezagutza eskuratzeko, seme-alabakaz denbora partekatzen duten bitartean.

Jarduerak zabalik daude aldez aurretik izena emateko; horretarako, idatzi euskarazerbitzua@leioa.eus helbidera edo deitu 946 072 576 telefonora.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun