Leioako Udalak Gobernu Irekiari eta Berrikuntzari buruzko sentsibilizazio-jardunaldi bat antolatu du udal-langileentzat

Erredakzioa 2024ko ira. 30a, 10:13

Ana Ramos Ramos adituak prestakuntza-saioa zuzendu zuen Leioako Udalean administrazio irekia, etikoa eta herritarrak ardatz dituena sustatzeko. © LEIOAKO UDALA

Ana Ramos Ramos, Galiziako hainbat herri eta mankomunitatetan aritutako udal-idazkaria eta gardentasunaren eta berrikuntzaren arloko aditua, izan da saioa zuzentzeaz arduratu den hizlaria.

Leioako Udalak Gobernu Irekiari eta Berrikuntzari buruzko sentsibilizazio-jardunaldi bat egin du, udal-langileei, erakunde autonomoei eta kargu hautetsiei zuzenduta, administrazio hurbilagoa eta gardenagoa sustatzeko. "Leioako Udalaren modernizazio-prozesua: aldaketaren erronka" izenburupean, Ana Ramos Ramos administrazio publikoen modernizazioan adituak gidatu zuen bilkura.

Jardunaldian zehar, funtsezko gaiak eztabaidatu zituzten, hala nola zerbitzu publikoaren bokazioa, kudeaketaren eraginkortasuna eta administrazioa hobetzeko sinergiak sortzea.

Halaber, Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak sektore publikoan berrikuntzak duen garrantzia eta pertsonengan oinarritutako kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko udal langileak inplikatzeko beharra azpimarratu zituen: "Erronka horretan udal-langileen inplikazioa, zerbitzu publikorako bokazioa, eskumenak eta gaitasunak behar ditugu, eta, horregatik, ez dugu ahazten horrelako prestakuntzak eta saioak garatzeko eta eskaintzeko beharra, ezagutza, sentsibilitatea eta konpromisoa ekarriko dizkigutenak".

Jardunaldi horrez gain, Udalak iazko urriaren 16an osotasun publikoari buruzko beste saio bat egin zuen, Iruzurraren aurkako Adierazpen Instituzionala eta Kode Etikoak bezalako gaiak jorratuz. Ekimen horiek Leioa Hurbil proiektuaren parte dira, izapideak sinplifikatzea, Administrazio Elektronikoa bultzatzea eta erakundeen gardentasuna indartzea barne hartzen duen modernizazio-estrategia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun