Leioako Sarriena futbol-zelaiak belar artifizial berria du daborduko, ordezkapen-lanak amaitu ondoren. Udalak bultzatutako berrikuntzari esker, besteak beste, Udondo, Gazteluzarra, Txatxarrene, Leioako Emakumeak eta S.D. Leioa klubek entrenatzeko eta baldintza hobeetan lehiatzeko aukera izango dute emetik aurrera. Gainera, datozen hilabeteetan instalazio horietako 1. eta 3. eremuetako argiak ere berrituko dituzte.
Esku-hartzea abuztuan eta irailean egin dute, udako geldialdiagaz batera, kirol-jardueren gaineko eragina murrizteko. Udal-iturriek nabarmendu dutenez, soropila berritzea beharrezkoa zen, aurreko belar artifizialak 15 urte zeramatzalako erabileran eta bizitza baliagarria gaindituta zuelako. Azpimarratu dutenez, izpi ultramoreen eraginpean egoteak zuntzak degradatu zituen, eta horrek jokalekuaren segurtasuna eta kalitatea kaltetzen zituen.
Leioako Udalak 432.300 euro baino gehiago inbertitu ditu hobekuntza horretan, kirol-instalazioak egoera onean mantentzeko konpromisoa betez. Inbertsio horren bidez, leioaztarren artean kirola eta bizi-ohitura osasungarriak sustatu gura dituztela ere nabarmendu dute, eremu horiek erabiltzen dituzten 700 gazte baino gehiagorentzat azpiegitura seguruak eta kalitatezkoak eskainiz.