Ludopatiaz kontzientziatzeko ihes-gela egingo dute Leioako gazteentzat

Erredakzioa 2024ko urr. 4a, 10:12

Ihes-gela Leioako Boulevarden egongo urriaren 24tik 27ra. © A90GRADOS

Leioako Udalak, ludopatiaren prebentzioan espezializatutako A90Grados enpresagaz lankidetzan, "Apustu egin zure alde, ez ezazu jokatu" leloa daraman ekimena abiatuko du urriaren 24tik 27ra bitartean. Boulevarden dagoen edukiontzi batean duten doako ihes-gelan 14 eta 30 urte bitarteko gazteak zorizko jokoen arriskuez kontzientziatzea bilatuko dute, alarma-seinaleak identifikatzeko eta laguntza-baliabideetara iristeko tresnak eskainiz.

Leioako Udaleko Gizarte Politiken arloak sustatutako jarduera urriaren 24tik 27ra bitartean egingo dute. Lau parte-hartzaile arteko taldeentzat diseinatutako ihes-gela horrek jolas- eta hezkuntza-esperientzia bat eskainiko die gazteei, ausazko jokotik eratorritako arazoei buruz hausnartzeko xedeagaz, alarma-seinaleak identifikatzen laguntzeko eta, laguntza behar izanez gero, eskura dituzten baliabideak ezagutzera emateko.

Ihes-gela hori doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da, eta urriaren 7tik aurrera egongo da zabalik. Saioek 20 eta 25 minutu arteko iraupena izango dute, eta ordu erdiro egingo dituzte.

Hilaren 24an eta 25ean arratsaldez izango dira, 16:00etatik 21:00etara, eta 26an eta 27an, berriz, goizeko saioak, 10:00etatik 15:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 21:00etara. Izena emateko, interesatuek sustapen-kartelean dagoen QR kodea eskaneatu beharko dute, eta gura duten eguna eta ordua aukeratu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun