Osakidetzak gorozki-inkontinentziari buruzko hitzaldia eskainiko du Leioan

Erredakzioa 2024ko urr. 8a, 15:29

Hitzaldia egunean izango da, urriaren 10ean, 17:00etan, Leioako Adinekoen Zentroan.

Herritar guztiei irekia izango den topaketa urriaren 10ean izango da, 17:00etan, Leioako Adinekoen Zentroan. Horretan, adituek patologia horren tratamendua azalduko dute, herritarren % 12ri eragiten baitio, bai eta Lehen Mailako Atentziotik garaiz detektatzearen garrantziaz ere berba egingo dute.

Osakidetzak gorozki-inkontinentziari buruzko hitzaldi informatibo bat antolatuko du leioaztar guztientzat irekita. Saio horren helburua egoera hori agerian jartzea izango da, izan ere, biztanleriaren % 5 eta % 12ri bitartean eragiten dio horrek. Egitasmo horren bitartez, lehen mailako arretako medikuari edo erizainari kontsulta egitera animatu gura dute jendea, tratamendua baitu eta nabarmen hobetu baitaiteke.

Gaitz horren inguruan dagoen tabua hausteko helburua duen hitzaldiak patologia hori goiz detektatzeko programa pilotu baten parte dela azaldu dute Osakideatzako iturriek. Hala, Osakidetza Leioako Osasun Zentroan ezartzen ari da hori, Uribe ESIren barruan. Programaren helburua da Lehen Mailako Atentziotik gorotz-inkontinentzia duten pazienteak identifikatzea eta haien bizi-kalitatea hobetzeko tratamendu egokia eskaintzea.

Ekitaldiak hiru hitzaldi nagusi izango ditu. Lehenik eta behin, ASIA elkarteko Maite Carrerasek eta Angels Rocak beren testigantzak partekatuko dituzte, egoera horrek eragindako pertsonak diren aldetik. Ondoren, Jone Capetillo Leioako Osasun Zentroko familia-medikuak programa pilotuaren funtzionamendua eta lehen mailako arretan dauden tratamendu-aukerak azalduko ditu. Azkenik, Aitor Landaluce, Urdulizko Ospitaleko zirujaua, pazienteak zoru pelbikora bideratzeaz eta inkontinentziak eguneroko bizitzan dituen ondorioez mintzatuko da.

Saioan zehar, gorotz-inkontinentziarako tratamenduak ere jorratuko dituzte. Adituek azpimarratu dute aukera eraginkorrena elikadura-ohiturak aldatzea dela, zuntz askoko dieta eta ur gehiago hartzea barne. Aldaketa horren ondoren hobekuntzarik ikusi ezean, pazienteak tratamendu espezializatuetara bidera daitezke, hala nola nerbio tibialaren estimulaziora edo, kasu batzuetan, kirurgiara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun