Leioan euskararen erabilera sustatzeko plana egingo du Udalak

Erredakzioa 2024ko urr. 8a, 16:13

Besteak beste, Berbodromoak hainbat euskaldun eta euskara ikasle batzen ditu urtero hizkuntza hori praktikan jartzeko helburuagaz. © LEIOAKO UDALA

Herrian euskararen erabilera sustatzeko plan estrategiko bat diseinatzen hasi dela iragarri du Leioako Udalak. Horren helburua 2034ra bitartean lan-ildoak zehaztea izango dela aurreratu du. Udal-iturriek zehaztu dutenez, plan honek komunitate euskaldun aktiboagoa eta ahaldunduagoa sendotu gura du ingurune eleaniztunean, hainbat eremutan euskararen erabilera bultzatuko duten ardatz estrategikoak eta ekintza-ildoak zehaztuz.

Prozesuaren lehen urratsa, Leioako hizkuntzaren egungo egoera islatuko duen diagnostikoa egitea izango da. Horretarako, galdetegi bat ireki dute udalerriko gizarte-eragileentzat eta herritarrentzat, euskararen erabilerari buruzko iritziak eta pertzepzioak eman ditzaten. Formularioa online dago eskuragarri urriaren 21era arte, Udalaren webgunean dagoen esteka honetan.

Halaber, azaroan, jendaurreko parte-hartze saio bi egingo dituzte. Lehenengoan, euskarak udalerrian egun bizi duen egoerari buruzko hausnarketa bultzatuko dute, eta bigarrenean, berriz, planak datozen urteetan izango dituen erronka nagusiak zehaztuko dituzte. Udalaren ustez, ezinbestekoa da komunitatearen inplikazioa. Modu horretan, benetako beharrei erantzungo dien eta Leioako biztanleen eguneroko bizitzan euskararen erabilera sendotzen lagunduko duen plan bat zehaztu ahal izango dute. Ekimen honen bidez, gero eta euskaldunagoa den Leioa baterantz aurrera egin gura dutela azpimarratu dute, testuinguru eleanitz batean euskararen sustapenean eredu izan dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun