Leioa Waterpolok 15. denboraldia abiatuko du Liga Nazionaletan Brains ikastetxearen aurka

Ander Zarraga 2024ko urr. 11a, 10:48

Jon Lopezek taldearen entrenatzaile jarraituko du aurten ere. © LEIOA WATERPOLO

Talde leioaztarrak denboraldi berriari ekingo dio zapatu honetan, urriaren 12an, RFENeko Ligan, Madrilen Colegio Brains taldearen aurka. Aurkariak hirugarren sailkatu ziren aurreko denboraldian; hala ere, Jon Lopezek gidatutako taldekoek argi dute helburua: aurreko denboraldian bildutako esperientzia balioztatzea eta azken txanpan emandako mailatik abiatzea.

Leioa Waterpolok Liga Nazionaletan txapelketa abiatuko du zapatu honetan, 13:00etan, Madrilgo Colegio Brains taldearen aurka. Leioako taldea aldaketa gutxigaz joango da lehen norgehiagoka horretara, baina esanguratsuak, Uxue Hernandez kapitainaren irteerak markatuko baitu denboraldiaren hasiera. Bere hutsunea betetzeko, Leioak gazteen aldeko apustua egin du, Lucia Rios, Naia del Campo eta Aiora Unzeta, Askartzatik etorritako jokalariak, sartuz.

Denboraldi honetako helburu nagusia mailari eustea dela adierazi dute taldekoek, aurreko denboraldian Leioak salbazioa lortu baitzuen azken jardunaldian. Jon Lopez teknikariak uste du leioaztarrek aurreko ikasturtean lortutako esperientzia kapitalizatu ahal izango dutela eta, "denboraldian zehar errendimendua hobetu ahal izango dutela".

B taldean sartuta

Taldea sentsazio onakaz iritsiko da ligako debutera, duela gutxi Euskal Herriko Superkopan parte hartu eta gero. Iruña 9802 taldearen aurka 8-13 galdu bazuten ere, Sakonetako jokalariek joko ona erakutsi zuten, eta horrek aro berriari aurre egiteko konfiantza emango diela azpimarratu dute taldetik

Leioa Waterpolo B multzoan lehiatuko da ligako lehen fase honetan, eta Brains, CN Vallirana, CN Molins de Rei, CW Pontevedra, CW Turia, AR Rivas eta UE Horta izango ditu aurkari. Lehen fase hau itzuli bikoitzean jokatuko dute eta erabakigarria izango da, lehen lau sailkatuak Ohorezko Mailara igotzeko lehiatuko baitira, eta azken laurak bigarren fasean lehiatuko dira jaitsiera saihesteko.

Talde berrituagaz eta hazten jarraitzeko ilusioagaz, Leioa Waterpolok denboraldi honi ekingo dio bere emaitzak hobetzeko xedeagaz, mailari eusteaz gain, waterpolo nazionalaren panoraman ere paper garrantzitsua eskuratzeko ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun