Leioako Udalak umeentzako kirol-ingurune seguruak sortzeko konpromisoagaz jarraitu gura du, Babestu programaren bidez. Horren helburua haurrak eta nerabeak kirol-instalazioetan edozein indarkeria-motatik babestea da. Egitasmo honen esparruan, udalerriko kirol-taldeetako 70 arduradun baino gehiagok, entrenatzaileek, begiraleek, udal-langileek eta kirol-klubetako profesionalek, prestakuntza espezifikoa jaso dute kiroleko indarkeria prebenitzeko.
Kunina Sport and Education enpresak emandako prestakuntzaren helburua izan da parte-hartzaileei tresnak ematea balizko mehatxuak detektatzeko, indarkeria-egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egiten dietenean nola jokatu eta nola komunikatu jakiteko. Udal-iturriek azaldu dutenez, helburua da protokolo argiak ezartzea, kirol-testuinguruetan sor daitekeen edozein indarkeria-motaren aurrean jarduteko, dela klubak, dela udalerriak berak antolatutako jarduerak.
Leioako alkate Iban Rodriguezek ekimen horren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du "ondo diseinatutako esparru eraginkor bat" sortu gura dutela, "haurrak kirolean modu integralean babesteko aukera emango diguna, adingabeen garapen librerako espazio seguru eta osasungarriak bultzatuz". Rodriguezen arabera, sentsibilizazioa eta prestakuntza funtsezkoak dira kirol-eremuan ardura duten helduek indarkeria-egoerak detektatzen eta prebenitzen jakin dezaten.
Babestu programak udalerriko 2.200 adingabe baino gehiagori eragiten diela ere azpimarratu dute: Leioan, 25 klubek eta kirol-erakundek 1.700 kirolari adingabe inguru dituzte, eta 470 haur eta nerabe inguruk Udalak antolatutako kirol-ikastaro eta -jardueretan parte hartzen dute.
Prestakuntza hori Leioako kirolean inplikatutako eragile guztiek adingabeen eskubideak babesteko eta kirola egiteko ingurune seguru eta osasungarriak sortzeko beharrezko tresnak izan ditzaten ziurtatzeko ahalegin zabalago baten barruan kokatzen da.