Leioako Udalak Umore Azoka 2025 iragartzeko kartelaren lehiaketan parte hartzeko epea ireki du. Interesatuek azaroaren 11 arte bidali ahal izango dituzte proposamenak Kultur Leioara: Jose Ramon Aketxe plaza 11, 4. solairua. Kartel irabazlea azokaren irudi ofiziala izango da eta egileak 1.400 euroko saria jasoko du.
Horrez gainera, datorren urriaren 21ean irekiko dute 2025eko Umore Azokan parte hartzeko lanak webgune ofizialaren bidez aurkezteko epea. Umore Azoka kalea adierazpide gisa erabiltzen duten artista profesionalentzat zabalik egongo da, eta hainbat diziplina hartuko ditu bere baitan, hala nola antzerkia, musika, zirkua, dantza, clowna eta performancea, umeei zein helduei zuzenduak.
Nazioarteko erreferentziazko azoka
Umore Azoka erreferentziazko ekitaldia da kaleko arteen panoraman, bai nazio mailan zein nazioartean ere. Lau egunez, konpainien, programatzaileen eta ikusleen topagune izango da Leioa, eta ideiak trukatzeko, lanak erakusteko eta kaleetan kultur eskaintza zabalaz gozatzeko gune bat sortuko dute.