Leioako Udalak ekintzaileentzako laguntzen deialdia ireki du

Ander Zarraga 2024ko urr. 16a, 13:17

Deialdiak urriaren 27ra eta azaroaren 10era arte egongo dira zabalik© LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak, Lanbidegaz lankidetzan, ekintzaileentzako laguntzen deialdi berri bat ireki du. Dirulaguntza ildo bi ezarri dituzte horretarako: bata enpresa-ideia bat garatzeko eta bestea enpresa-jarduera berriak sortzea bultzatzeko. Helburua da ekintzailetza sustatzea, udalerrian hazkunde ekonomikoaren eta enplegu-sorreraren eragile gisa.

Bi ildoetarako baldintza orokorrak hauek dira:

  • Langabezian eta enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta egotea. Langabetzat hartuko dute lanaldi partzialeko kontratu bategaz lan egiten duten pertsona, gehienez ere % 30eko lanaldiagaz.
  • Azken urtean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda ez egotea.
  • Behargintza Leioako aholkularitza- eta laguntza-prozesu batean parte hartzea.

Horregaz batera, enpresa-ideia bat garatzeko lehen lerroko laguntza jasotzeko betekizunak honako hauek dira:

  • Edozein sektoretan negozio-ideia bat izatea.
  • Aldez aurretik Lanbideren deialdietan enpresa-ideiak garatzeko edo jarduera berriak sortzeko laguntzarik jaso ez izana.
  • Eskaera egiteko epea: urriaren 27ra arte.

Bigarren lerroari dagokionez, enpresa-jarduera berriak sustatzeko laguntzetarako betekizun gehigarriak hauek dira:

  • Enpresaren bideragarritasun-plan bat aurkeztea, Behargintza Leioak ebaluatuko duena.
  • Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar du egoitza fiskala eta soziala, eta lantokiak ere erkidego berean egon behar du.
  • Lanbidek kudeatutako enpresa-jarduera berriak sortzeko aurretiazko laguntzarik jaso ez izana.
  • Eskaera egiteko epea: azaroaren 10era arte.

Izapideak telematikoki zein aurrez aurre egin daitezke. Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun