Urtarrilean zabaldu zuen Muxxu gozoki-denda, eta, proiektua oraindino abiarazten dagoen arren, "oso pozik" dagoela dio. Aitortu duenez, hasiera gogorra egin zitzaion, "apurka-apurka joan behar izan naiz, ezerezetik hasi nintzelako eta diru gutxi izan nuelako inbertitzeko; oraindino etxerako ez dit dirurik eman, baina orain hasi gara lanaren emaitzak ikusten". Zorionez, gozokien negozioak funtzionatzen duela dio, paketeak asko saltzen baitira, handiak batez ere, baina pisura saltzen diren gozokiak dira etekin gehien ematen diotenak; "itzela da, % 200a ematen dute".
Kokalekua ere ez da nolanahikoa, Muxxu gozoki-denda auzoko plazetako batean baitago, San Juan tabernaren ondoan eta umeentzako parke baten aurrean; hain zuzen ere, hainbat ume elkartzen diren parkean. "Lokal hau trasteleku moduan erabiltzeko erosi genuen, baina probatzea erabaki nuen, eta funtzionatzen zuela ikusi nuen, batez ere, oso leku onean dagoelako".
Bere eguneroko lana apalategietako produktuak eguneratzea eta hornitzaileakaz negoziatzea izateaz gain, paketeak ere jasotzean datza, "horrela, jendea bila datorrenean, zer edo zer erosten du". Horrez gain, etorkizunean bestelako produktuak saltzeko asmoa ere dauka: arrautzak, ogia, olioa, gatza... "Nire helburua honetatik ondo bizitzea da, ez dirutxua egitea; ez diot inori txarto egin nahi, eta auzoan jatekoa saltzen duen beste denda bat dago, baina niregana jendea domeketan etortzen da ogia dudan galdetzen; hala ere, nik ez diot konpetentziarik egin nahi", argitu du Otalek.