Laster abiatuko duten kanpainako bonuek 30 edo 15 euroko deskontu zuzena egiteko aukera emango dute. Kontsumitzaileek 20 edo 10 euro ordainduko dituzte hurrenez hurren, eta Udalak gainerako 10 edo 5 euroak jarriko ditu. Guztira, pertsona bakoitzak 40 euro arteko deskontua jaso ahal izango du, erosketa bakoitzeko gehienez bi bonu erabiliz. Leioako 67 saltokik bat egin dute kanpainagaz, eta 2024ko azaroaren 30era arte edo izakinak agortu arte luzatuko da.
Loycar dendan egindako kanpainaren aurkezpenean, Iban Rodriguez alkateak udalerriko ekonomia eta bizitza soziala dinamizatzeko tokiko establezimenduetan kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu zuen: "Gure saltokiak Leioako funtsezko parte dira, horiek gabe gure kaleak asfaltoa eta espaloiak baino ez lirateke izango". Halaber, Ekonomia Sustatzeko zinegotzi Pedro Arceredillok nabarmendu zuen bonuak kudeatzeko sistema berriak sarbidea sinplifikatzea bilatzen duela, bai bezeroentzat, bai merkatarientzat.
Merkataritzarako onurak
Leioa Indartu Bonoa 2024 edizioak 100.000 euroko aurrekontua du eta 300.000 eurorainoko inpaktu ekonomikoa sortzea espero du Udalak, egindako erosketen balioa hirukoiztuz. Horregaz batera, salmentak bultzatzeaz gain, herritarrak tokiko merkataritzan kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatu gura dituzte.
Bonuak era guztietako erosketetarako egongo dira eskuragarri establezimendu parte-hartzaileetan, elikagaietatik hasi eta moda eta zerbitzuetaraino. Hala, herritarrek eskaintza gehiago izango dituzte. Kanpainari lotutako saltokien zerrenda Behargintza Leioako web orrian kontsultatu ahal izango da. Bertan, beherapenetarako sarbidea errazteko informazio guztia zehaztu dute.