Leioako Udalak, A90Grados enpresagaz lankidetzan, ekimen hau abiarazi du "Zure aldeko apustu egin" lelopean, gazteak jolasaren arriskuez modu ludikoan jabetu daitezen. Ihes-gela baten bidez, parte-hartzaileek alarma-seinaleak identifikatzen ikasiko dute eta laguntza jasotzeko dauden baliabideak ezagutuko dituzte. Gainera, datozen hilabeteetan, prebentzio-tailerrak ere egingo dituzte udalerriko ikastetxeetako DBHko 4. mailako ikasleentzat.
Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak gazteakaz prebentziotik lan egitearen garrantzia azpimarratu du egitasmoaren aurkezpenean, baita balizko arazoak antzemateko tresnak ematearen garrantzia ere. Ekimen honek bat egiten du Udalaren Adikzioen Prebentzio Zerbitzuagaz, zeinak laguntza eta informazioa eskaintzen baitie jokoak edo bestelako adikzioek kaltetutako edozein pertsona edo familiari.
Aurkezpenean, Pilar Grados Gizarte Politiketako zinegotzia ere izan da, eta adierazi duenez, "guretzat oso garrantzitsua zen horrelako ekimenak ikusaraztea, kalera ateratzea, arreta deitzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta, batez ere, prebenitzeko". Amaitzeko, zera adierazi du: "Gazteek jakin dezaten beharrezkoa bada erakundeetatik ere lagun diezaiekegula".
Jardueran parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, kartel ofizialaren QR kodea eskaneatuz. Guztira 60 saio egingo dituzte, ordu erdiro bat, 20 eta 25 minutu bitarteko iraupena izango dute. Urriaren 24koak eta 25ekoak arratsaldez izango dira, 16:00etatik 21:00etara, eta urriaren 26koak eta 27koak goizez, 10:00etatik 15:00etara eta, arratsaldez, 16:00etatik 21:00etara.
Adikzioak prebenitzeko udal-zerbitzua
Ekintza horiek Leioako Udalaren Adikzioen Planaren barruan sartzen dira, eta plan horretan Adikzioen Prebentzio Zerbitzu jarraitu bat ere sartzen da, edozein pertsonak edo familiak substantzien kontsumoari edo adikzio-arazoei buruz dituen zalantzak informatzeko, orientatzeko eta horiei erantzuteko, ausazko jokoagaz lotutakoak barne.
Zerbitzua Sabino Arana kaleko 67. zenbakian dago, asteazkenetan 15:00etatik 17:30era eta, udako ordutegian, ekainaren 15etik irailaren 15era, ostegunetan 10:30etik 14:00etara. Harremanetarako telefonoa: 688 63 15 98.