Leioako Udalak % 2,5 igoko ditu udal tasak datorren urtean

Ander Zarraga 2024ko aza. 4a, 12:10

Besteak beste, eguneratzeak eragina izango du Ondasun Higiezinen Zergan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalaren Osoko Bilkurak 2025eko ekitaldirako udal-tasak eta -zergak eguneratzea onartu du, % 2,5eko igoera orokorragaz eta hainbat doikuntza espezifikogaz. Eguneratzea 2024an aplikatutako igoeraren % 1,2 azpitik egongo da eta berrikuntza garrantzitsuak dakartza Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), zaborren bilketa-tasan eta ibilgailuen gaineko zergan, bai eta hobarietan eta zenbait kontribuzioen salbuespenetan ere.

Batetik, OHZ eguneratzeak 200.000 eurotik gorako katastro-balioak dituzten etxebizitzei eragingo die, beraz, balio txikieneko higiezinen % 83k ez dute aldaketarik izango ordainagirietan. 200.000 eta 250.000 euro bitarteko balioa duten jabetzek % 10eko igoera izango dute, eta 300.000 euro arteko etxebizitzetan % 15ekoa izango da igoera, eta % 20koa balio handiagoetan. Gainera, jenderik gabeko etxebizitzagatiko errekargua mantenduko dute, salbuespen berriakaz lan edo ikasketengatiko lekualdaketetarako, mendekotasunetarako eta beste inguruabar berezi batzuetarako.

Bestetik, zaborren tasa % 50 igoko dute 2025etik aurrera, hau da, hilean hiru euro inguru gehiago zergadun bakoitzeko. Igoera hori 2018/851 Europako Zuzentarauari dagokio. Zuzentarau horrek zerbitzuaren kostu erreala estaltzera behartzen ditu udalerriak, hondakinen bilketa, lekualdaketa eta tratamendua barne.

Horregaz batera, urriko osoko bilkurak, halaber, hobariak onartu zituen trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan. Nabarmentzekoak dira % 75era arteko deskontuak ibilgailu elektrikoentzat, % 50etik % 60ra artekoak hibridoentzat eta % 40ra artekoak CO2 emisio txikiak dituzten ibilgailuentzat. Gainera, % 95eko hobaria aplikatuko da interes publikoko proiektuetarako hirigintza-lizentzien tasan.

Bestalde, Udalak kendu egingo ditu ordena erlijiosoetarako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren salbuespenak, eta mota horretako jardueretan zerga-ekitatea bilatzen duten beste administrazio batzuekaz bat egingo du.

Bukatzeko, ogasuneko zinegotziak defendatu duenez, eguneratze horiek "beharrezkoak dira zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzeko eta zerga-kargen bidezko banaketa bilatzen duten indarreko araudiak betetzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun