Pentsiodunen mugimenduak manifestazioa egingo du domeka honetan Leioan, 1080 euroko pentsio duinak eskatzeko

Ander Zarraga 2024ko aza. 8a, 11:39

Domekako manifestazioa Leioako Boulevardtik abiatuko da 12:00etan; irudian, pentsiodunen mugimenduko manifestazioa Berangon.

Uribe Kosta-Eskuinaldeko Pentsiodunen Mugimenduak martxa bat egingo du azaroaren 10an, domekan, Leioako Boulevardetik abiatuta. Besteak beste, genero-desberdintasunari eta prekarietate ekonomikoari aurre egiteko gutxieneko pentsio duina exijituko dute.

Domeka honetan, 12:00etan, eskualdeko ehunka pentsiodunen topagunea izango da Leioako Boulevard. Horren leloa "pentsio publiko duin baten alde" izango da; izan ere, beraien eskari nagusia da gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzea. Talde deitzailearen arabera, kopuru hori erabakigarria da genero-arrakala murrizteko eta erretiratuen bizi-kalitatea hobetzeko, batez ere, emakume eta alargunena, pentsio baxuenak jasotzen dituztenen gehiengoa baitira.

Pentsiodunen Mugimenduak emandako azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 167.000 pertsonak baino gehiagok 1.080 eurotik beherako pentsioak jasotzen dituzte, eta guztien erdia Bizkaian bizi dira. Pentsiodun horien artean, proportzio esanguratsu bat emakumeak dira, horietako asko alargunak, eta egoera horrek dakarren diru-sarreren eskasia pairatzen dute.

Taldeak nabarmendu duenez, 2011tik, Lanbide arteko gutxieneko soldata 641,40 eurotik 1.134 eurora pasa da, baina gutxieneko pentsioak 601,40 eurotik 825 eurora baino ez dira igo 2024rako, eta horrek erosteko ahalmenaren galera nabarmena dakarkie pentsiodunei. Alde horren ondorioz, 2011n gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataren % 93,7 zen, baina gaur egun % 72,5 baino ez da.

Kolektiboaren eskakizunak eta proposamenak

Pentsiodunen eskarien artean dago euskal erakundeek pentsioak osatzea 1.080 eurora iritsi arte. Jakinarazi dutenez, konpromiso hori 2025etik aurrera aplikatuko dute Nafarroan. Proposamen horren bidez, mugimenduak erretiro-errenta duina ezarri gura du, eta ekitate ekonomiko eta genero handiagoa sustatu.

Kezka gero eta handiago horren testuinguruan antolatutako domekako manifestazioan herritarrak bildu gura dituzte, guztiontzako erretiro duina ahalbidetuko duen erreforma baten alde egiteko. Mobilizazio horren bidez, Uribe Kostako Pentsiodunen Mugimenduak gizartea eta erakundeak ere sentsibilizatu gura ditu, erretiratutako herritar guztientzat bidezko pentsio nahikoak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak ezartzeko premiari buruz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun