Leioako Udalak Memoriaren Eguneko lore-eskaintzan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak

Ander Zarraga 2024ko aza. 8a, 13:28

Nestor Basterretxea artistaren eskulturaren inguruan batuko dira domekan, 10:00etan. © LEIOAKO UDALA

Ekitaldia azaroaren 10ean izango da, domekan, 10:00etan, Leioaren Indarra eskulturan, minutu bateko isiluneagaz eta biktimen omenezko lore-eskaintzagaz.

Ekitaldi honegaz, Leioako udalerriak bat egingo du, aurten ere, euskal komunitatearen omenaldiakaz, Memoriaren Egunean, euskal erakundeek 2010eko maiatzean indarkeriaren ondorioak jasan dituztenak ohoratzeko ezarri zuten egunean. Azaroaren 10a aukeratu zuten ospakizun horretarako, egun sinbolikoa delako, urteetan zehar ez baitzen atentatu hilgarririk izan.

Udalak nabarmendu duenez, ekimen horren helburua ez da gogoratzea bakarrik, baita bakean oinarritutako bizikidetzaren aldeko elkartasun- eta konpromiso-loturak sendotzea ere. Elkartearen sendotasunaren eta erresilientziaren ikur den Leioaren Indarra eskulturan egingo den hitzorduak herritarren arteko batasun eta errespeturako espazio bat eskaini gura du, biktimen omenez.

Udalak interesa duten pertsona guztiak gonbidatu ditu ekitaldian biltzera eta bakearen eta memoriaren aldeko konpromiso kolektiboaren manifestazio honetan parte hartzera, Leioak indarkeriaren aurrean komunitate batu gisa duen papera berretsiz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun