Maitasun adierazpenik ederrenak sarituko dituzte Leioan

Ander Zarraga 2024ko aza. 12a, 13:53

Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 13a izango da, eta lau adinetan banatuko dituzte sariak. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Maitasun Gutunen XXVI. Lehiaketarako deialdia ireki du, literatura genero horren bidez sentimenduen adierazpena sustatzeko asmoz. Parte hartzaileek aurrez aurre bidali ahal izango dituzte gutunak Kultur Leioara edo postaz bidali Jose Ramon Aketxe 11, 48940, Leioa helbidera, abenduaren 13ra arte.

Lehiaketak lau kategoria izango ditu, adinaren arabera banatuta: 18 urte artekoak, 19tik 39ra bitartekoak, 40tik 59ra bitartekoak, eta 60 urtetik gorakoak. Sail bakoitzean sari bi banatuko dituzte: lehenengoak 250 euro, garaikur bat eta diploma bat izango ditu, eta bigarrenak 125 euro, garaikurragaz eta diplomagaz batera.

Parte hartzaile bakoitzak gutun bi aurkeztu ahal izango ditu, originalak eta argitaratu gabeak. Epaimahaiak testuaren estiloa, garapena eta aurkezpena, originaltasuna eta, eskuz idatzitako gutunen kasuan, kaligrafia baloratuko ditu.

Deialdi hau urtero egiten da hitzen bidez sentimenduak partekatzeko eta komunikatzeko gune gisa, eta eskualdean erreferente gisa finkatu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun