Berdintasun eraginkorrerantz aurrera egiteko konpromisoari dagokionez, Leioako Udalak Berdintasunerako V. Plana egiten jarraitzen duela iragarri du. Plan horrek datozen urteetarako udalerriaren jarduera-ildoak zehaztuko ditu. Prozesuak topaketa ireki bat izango du azaroaren 19an Kultur Leioan, 17:00etan, eta bertan planaren zirriborroa aurkeztuko diete herritarrei.
Udal-iturriek azaldu dutenez, bosgarren plan hori azken hilabeteetan garatu dute, Leioako udal-arlo, tokiko erakunde eta bizilagunen parte-hartze aktiboagaz. Prozesuan zehar diagnostiko bat egin da genero-berdintasunaren arloko erronkak identifikatzeko eta gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa sustatuko duten helburu zehatzak ezartzeko. Udalaren arabera, zirriborroak erronka horiek jasotzen ditu eta planaren helburu estrategikoak azaltzen ditu, baina oraindik ez dago itxita; izan ere, hilaren 19ko bilerari esker, bertaratutakoen iritziak eta ekarpenak jaso ahal izango dira, eta azken dokumentua aberasteko ideiak eta iradokizunak adierazi ahal izango dituzte.
Leioako Udalak plan horren garapenean parte hartu gura duten herritar guztiei dei egin die topaketara joan daitezen eta udalerriko berdintasun-politikaren zutabe bihurtu nahi duen ekimen batean parte har dezaten. Saioak, gainera, tokiko administrazioaren eta herritarren arteko lotura estutzea bilatzen duela azpimarratu dute, bizitza komunitarioari eragiten dioten erabakiak hartzerakoan.