Leioako Udalak 2025eko udal aurrekontua onartu du, % 5eko igoeragaz

Ander Zarraga 2024ko aza. 29a, 09:50

51,5 milioi euroko aurrekontua onartu dute 2025erako, azaroko Udalaren osoko bilkuran. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udaleko azaroko osoko bilkurak baiezkoa eman dio 2025erako udal-aurrekontuari: 51,5 milioi euro, 2024ko ekitaldian baino % 5 gehiago. Gobernu-taldeak azpimarratu duenez, kontu horien helburua udal-zerbitzuen kalitatea bermatzea eta bizilagunen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko proiektu berriak bultzatzea da.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak nabarmendu du aurrekontua "sanoa eta zorrotza" dela eta udalerriarentzat funtsezkoak diren obra eta ekimenetan aurrera egitea ahalbidetuko duela. EAJren eta PSEren gobernu-taldeak alde bozkatu du, aldiz, PP eta Podemos abstenitu egin dira. EH Bildu izan da aurrekontuen aurka bozkatu duen alderdi bakarra.

Hurrengo urteko diru-partidako atal garrantzitsuenetako bat inbertsioetara bideratutako dena da, 3,7 milioi euro guztira. Proiektu nabarmenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Cervantes plaza birmoldatzea eta Pinuetako irisgarritasuna hobetzea, San Bartolome auzoan frontoi bat eraikitzea eta Lamiakoko Langileria kalea berrurbanizatzea.

Horiez gain, bestelako jarduera batzuk ere iragarri ditu gobernu-taldeak, hala nola Ondiz-Txopoeta bidea hobetzea, Lamiakoko eskailerak egokitzea eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatzea.

Gauzak horrela, hirigintza-arloa da diru-hornidura handiena izango duena, eta, ondoren, kultura eta gizarte-politikak. Egungo programei eutsiko dietela agindu du Udalak eta berdintasunerako, haurrentzako, gazteentzako, familientzako, adinekoen zentroetarako eta kirol-erakundeentzako diru-laguntzetarako partidak handituko dituztela ere iragarri dute.

Hona hemen aurrekontu-banakapena:

  • Hirigintza: 12,64 milioi euro ( % 26,31)
  • Kultura: 6,14 milioi euro ( % 12,78)
  • Osasuna eta Gizarte Ongizatea: 5,75 milioi euro ( % 11,96)
  • Kirolak: 4,7 milioi euro ( % 9,78)
  • Segurtasuna: 3,87 milioi euro ( % 8,05)
  • Inbertsioak: 3,62 milioi euro ( % 7,54)
  • Hezkuntza: 3,44 milioi euro ( % 7,16)
  • Zerbitzu Orokorrak: 2,97 milioi euro ( % 6,18)
  • Enplegua eta Ekonomi Sustapena: 1,54 milioi euro ( % 3,2)

Finantzaketa eta erakunde autonomoak

Aurrekontuaren erdia baino gehiago, 26 milioi euro inguru, Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik, Udalkutxatik, datorrela zehaztu dute. Bestalde, Soinu Atadi eta Euskararen Erakundea erakunde autonomoek 3,48 milioi euro jasoko dituzte musika irakasteko eta euskara sustatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun