Leioako 35. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo dute abenduaren 8an, hainbat postu eta jardueragaz

Ander Zarraga 2024ko abe. 2a, 10:46

Beste urte batez, azokak ehunka lagun erakarriko ditu Leioako erdigunera. © LEIOAKO UDALA

Domekan, abenduaren 8an, Leioako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren 35. edizioa egingo dute. Azokak nekazaritza- eta artisau-produktuen 90 postu eta 100 abelburutik gora izango ditu gozagai, Boulevarden eta Errekalde eta Jose Ramon Aketxe plazetan banatuta.

Leioako alkateak, Iban Rodriguez Etxebarriak, azoka "leioaztarrentzat oso hitzordu berezia" dela azpimarratu du, "nekazaritza eta abeltzaintzari ez ezik, gure tradizioei eta euskal kulturari ere balioa ematen dielako". Ekitaldien artean, ez dira faltako euskal dantzak, herri kirolak, bertsoak eta txistularien animazioa.

Azoka 10:00etan abiatuko da, animalien erakusketagaz: behiak eta idiak Boulevarden, eta zaldiak, ahuntzak eta ardiak Errekalde plazan. Goizean zehar, nekazaritza-produktuen postuak egongo dira eta behirik politenaren lehiaketa tradizionalean parte hartu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Horiekaz batera, goizean zehar, euskal dantzen erakustaldia egongo da 11:00etan, Errekalde plazan, Gure Ohiturak Dantza Taldearen eta Txikiak Txiki Dantza Taldearen eskutik. Gainera, Bizkaiko Txakolina eta Idiazabal gaztaren dastatze komentatuak ere izango dira 12:00etan eta 13:00etan, aldez aurretik izena emandakoentzat. Eusko Label sagardo eta sasoiko perretxiko eta onddoen dastaketa 12:00etan izango da, Jose Ramon Aketxe plazan, Zazpi Elkarte Mikologikoaren laguntzagaz. Herri kirolen hitzordua ere 12:00etan izango da, baina Errekalde plazan, aizkolari eta harri-zulatzaileen txapelketakaz, emakumezkoen harri-jasotze erakustaldiagaz eta lasto jasotze desafio mistoagaz. Azkenik, 
azoka 15:00etan itxiko dute, dekoratutako postu onenaren sari-banaketagaz eta lehiaketako parte-hartzaileentzako saskiaren zozketagaz.

Azokaren bezperan, abenduaren 7an, zapatuan, ohiko bertso-saioa egingo dute Kultur Leioako auditorioan. Naroa Torralbak, Amets Arzallusek, Alaia Martinek eta Aitor Sarriegik hartuko dute parte horretan eta Jon Amezagak proposatutako gaien inguruan inprobisatu beharko dute. Doako gonbidapenak abenduaren 1etik aurrera egongo dira eskuragarri Kultur Leioan.

Azokan euskara sustatzea

Aurten, berrikuntza gisa, Udalak euskara-gaztelania hiztegia ere argitaratu du, postuetan eskatzeko ohiko produktu eta esaldiakaz. Baliabide hori erakusmahaietan egongo da, bertaratzen direnak euskaraz komunikatzera animatzeko erta eguneroko testuinguruan euskararen erabilera sustatzeko. "Ekoizleekin harremanak euskaraz izan nahi dituztenei bultzada txiki hori eman nahi diegu", azaldu zuen alkateak.

Ekimen hori Leioako Euskararen Astearen barruan kokatzen da, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna kultura- eta aisialdi-jarduerakaz ospatzen dena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun