Olentzero eta Mari Domingi Gabon magikoak prestatzen ari dira Leioan

Ander Zarraga 2024ko abe. 19a, 13:22

Iban Rodriguez Leioako alkatea Olentzero eta Mari Domingigaz izan da Gabonetako egitaraua aurkezten. © LEIOAKA UDALA

Olentzero eta Mari Domingi Leioan dira daborduko, urteko gau berezienaren xehetasun guztiak antolatzeko. Eguazten honetan, Iban Rodriguez Etxebarria alkateak ongietorria eman die Elexaldeko Errotan, leioaztar familientzako opariak prestatzen. 

Ongietorrian, alkateak Haurtzaroaren Kontseiluko haurren mezu errepikakor bat nabarmendu du: "Jostailuez harago, familiarekin denbora eskatzen dute. Denbora gehiago eskaintzea izan daiteke 2025erako gure erronka".

Horregaz batera, iragarri dute Gabonetarako ume eta familientzat pentsatutako hainbat jarduera ari direla prestatzen abenduaren 20tik urtarrilaren 5era arte.

Batetik, Olentzerok eta Mari Domingik ume leioaztarrei gogoratu diete abenduaren 24ra arte Kultur Leioan, kiroldegian, Pinuetako Herritarren Arretarako Zerbitzuan eta Lamiako, San Bartolome, Txomin Aresti, Artaza eta Altzagako ikastetxe publikoetan utz dezaketela gutuna.

Leioako Udalak antolatzen dituen Gabonetako jarduerei dagokienez, horiek eskolako oporrakaz batera hasiko dituzte, abenduaren 20an, bariukuan, Leioako Saltoki Elkartuen Elkarteari esker Boulevarden gaztaina erreak banatuz, 18:00etatik aurrera.

Hurrengo astean, martitzenean, abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi herriko kaleetan zehar kalejira egingo dute, 17:00etatik aurrera, Elexaldeko Errotatik abiatuta. Ordubete beranduago, 18:00etan, toki berera itzuliko dira eta agurtu gura dituzten haurrei harrera egingo diete, eskutitzak eskura emanez edo azken desioak kontatuz. Euria egiten badu ez da ibilbiderik egongo eta harrera Kultur Leioan izango da.

Ostean, Errege Magoek Olentzero eta Mari Domingiren lekukoa hartuko dute. Gura dutenek abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean bidali ahal izango dituzte gutunak Ekialde urrunera, Kultur Leioan, Kiroldegian eta Pinuetako Herritarren Arretarako Zerbitzuan. Errege Magoek harrera egingo diete haurrei urtarrilaren 5ean, 18:00etatik 21:00etara, Kultur Leioan.

Aurretik, baina, urteari agur esateko, txikienak izango dira berriro ere protagonista Kanpanada Txikietan, abenduaren 31n, Errekalde plazan, 11:30ean.

Umeentzako tailerrak eta ikuskizunak:

Urte berria haurrentzako proposamenez beteta iritsiko da. Kandelazubietan, urtarrilaren 3tik 5era bitartean, doako hainbat jarduera, tailer eta ikuskizun izango dira.

Tailerrak goizeko saioetan egingo ditutze, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, egunero, hilaren 5ean izan ezik, goizeko saioa baino ez baita izango. Gainera, ikuskizunak izango dira egunero:

Urtarrilak 3, barikua

  • Txontxongiloak: Rosa Martinez, De Fabula, 12:30ean. 4 urtetik aurrera.
  • Antzerkia: Patata Tropikala, Pirata garrapataren abenturak, 18:30. 4 urtetik aurrera

Urtarrilaren 4an:

  • Antzerkia: Txaloka, Buala, 12:30ean. 4 urtetik aurrera
  • Magia: Kidam magoa, Magia, 18:30ean. 4 urtetik aurrera

Urtarrilak 5

  • Antzerkia: Ameztu Producciones, Organik, 12:30ean. 4 urtetik aurrera

Urtarrilaren 3an, barikua, Txistu Kale Bandak Leioako kaleak alaituko ditu, 19:00etan Udondoko Boulevardean, 20:00etan Euskal Etxeen Plazan eta 21:00etan Ia plazan Ikea Barri.

Gainera, programazio horri guztiari Leioako Udal Kontserbatorioak antolatutako Gabonetako kontzertuak ere gehitu behar zaizkio.

Elur-bola

Nobedade gisa, aurten Leioak Gabonetako dekorazio eta argiztapenagaz bat egiten duen elementu berri bat estreinatuko du: Gabonetako elur-bola handi bat, haur zein helduek barruan aurkituko duten elur artifizialagaz sartu eta jolastu ahal izango dutena, zalantzarik gabe momentuari argazkiak ateratzeko eta familia eta lagunen Gabonetako postal propioa sortzeko aukera ona. Bolak hainbat gune zeharkatuko ditu abenduaren 3tik 5era, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

  • Urtarrilak 3 – Udondoko Bulebarra
  • Urtarrilak 4 – Euskal Etxeen Plaza
  • Urtarrilak 5 – JR Aketxe plaza
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun