Euskal talentu berria eta aurpegi ezagunak izango dira protagonista Leioako kultur proposamenetan martxora arte

Erredakzioa 2024ko abe. 26a, 15:12

Mikel Bizar musikariak eta Iban Rodriguez Leioako alkateak aurkeztu dute 2025eko lehen hiruhileko kultur programazioa. © LEIOAKO UDALA

Urtarriletik martxora arte, 18 musika, antzerki eta dantza ikuskizun izango dira Leioan; tartean, Zirkozaurreren zirkua, hiru erakusketa, 41 zine-saio eta sortzaile berrien zein ezagunen beste hainbat proposamen.

Musika, antzerkia eta dantza izango dira nagusi Leioan urtarrila eta martxoa bitartean. Udalak 18 antzerki-ikuskizun barne hartzen dituen kultura-agenda diseinatu du, familientzako edukien aldeko apustu berezia eginez; gainera, 41 zinema-saio eta hiru erakusketa ere egongo dira.

Aire zabaleko kultur proposamenak ere izango dira, hala nola Dantza Plazan, eta beste erako ikuskizunak ere: Leioako Kontserbatorioko orkestraren emanaldia eta César Uceda Leioa Interprete Gazteen lehiaketako sari banaketa. Horietaz gain, Estudios Arcadiaren Truman ikuskizun solidarioa ere egongo da.

Nabarmentzeko hitzorduen artean, Zirkozaurre euskal konpainiaren zirku-ikuskizuna dago, baita Pepe Viyuelaren antzerki klasikoa Guitón Onofre. El pícaro perdido antzezlana ere. Aipatzekoa da ere Marcela, una canción de Cervantes lanaren estreinaldia Euskadin, Madrilgo Sociedad Cervantinan arrakasta handia izan ondoren. Leticia Dolerak zuzendutako antzezlana da, eta Celia Freijerok aktorea du protagonista.

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak, Kultura zinegotzi Estibaliz Bilbaogaz batera, programazioaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur goizean. Bertan, "proposamenen xede diren hizkuntza artistikoen, gaien eta publikoen aniztasuna" nabarmendu du. "Urteko lehen hiru hilabete hauetan kalitatezko kultur eskaintza izango dugu Leioan, gustu guztietarako, aurpegi ezagunakaz, baina baita euskal sorkuntza berriakaz ere, eta emakumeen presentzia handiagaz, bai taldeen artean, bai zuzendaritza artistikoan", adierazi du alkateak. Beraz, hilabete hauetan Kultur Leioan ikusi ahal izango diren "eduki emozional handiko" istorio ugariez gozatzera gonbidatu ditu, eta baita gainerako musika proposamenez ere. "Kalitatezko kultura-eskaintza zabal, askotariko eta irisgarriaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, guztiok gozatzeko eta gehien gustatzen zaizkigun proposamenen artean aukeratzeko, urteko 365 egunetan".

Aurkezpenean Mikel Bizar musikariak ere parte hartu du, urtarrilaren 18rako programazioan sartzen den Laino eder hori ikuskizunaren arduradunak. Artistak azpimarratu duenez, lanak down sindromea, autismoaren espektroaren nahasmendua eta osasun mentala kontzientziatu eta ikusarazi gura ditu, musikaren, literatura dantzaren eta zinemaren bidez.

Horretarako, emanaldiaz gain, Bizarrek azaldu du nola utziko dituzten 21 paperezko arrosa Leioako irudiagaz herritarrek hartu, etxera eraman eta ikuskizunaren hariari buruz hausnartzeko aukera izan dezaten. Arrosa kopurua ez dago ausaz aukeratuta, 21. kromosomaren anomaliari dagokio, Down-en sindromea eragiten dauena.

Zirkua, musika eta antzerkia

Programazioa urtarrilaren 3an hasiko da, Harremana ikuskizunagaz. Zirkozaurre euskal konpainiaren proposamena da, eta zirkua, euskal musika tradizionala eta dantzak elkartzen ditu, sustraietatik eta identitatetik bidaia bat proposatzen.

Musika protagonista izango da, berriro ere, urtarrilaren 10ean, Mierda de ciudad ikuskizunean. Porrotari buruzko obra honetan, westerna, euskal diaspora Idahon eta Nebraskan, urre-sukarra eta Astillerosen itxiera bezalako gaiak uztartzen dira, borroka kolektiboei buruzko istorio batean, non rocka eta punka zuzenean entzun ahal izango dira.

Urtarrilaren 17an, Jazz Afrolatino izango da protagonista, Joshua Edelmanen eskutik, New Yorkeko Latin Jazzaren espiritua berpiztu gura duen mestizaje kulturalako proiektuan.

Urtarrilaren 18an, musika entzuten jarraituko da, Laino eder hori ikuskizunean. Mikel Bizar (Idi Bihotz) musikariaren proiektua da, eta bertan, musika, literatura, dantza eta zinemaren bidez, Down sindromea, autismoaren espektroaren nahastea eta osasun mentala ikusarazten, eta kontzientziatzen, saiatzen da.

Antzerkia Kultur Leioako agertokira bueltatuko da urtarrilaren 24an, Txalo Producciones euskal konpainiaren Almacenados antzezlanean. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista, lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnartzen duen komedia zorrotz eta garratza da.

Familiek hitzordua izango dute, urtarrilaren 26an, Compañía Cancamisa Teatro (Euskadi) konpainiagaz, Botila barneko aztia eta beste hainbat istorio ikuskizuna aurkeztuko duena.

Eta hilabetea amaitzeko, hilak 31, Titziana Teatro euskal konpainiak Buho ikuskizuna proposatuko du. Otsailaren lehenengo proposamena, hilak 7an, Quiero colapsar a tu lado  izango da, La Rueda Teatro Social Madrilgo konpainiarena, krisi ekosozialaren argi-ilunetara bidaia proposatzen duena.

Astebete geroago, otsailaren 14an,Txalo Produccionesek Madres komedia antzeztuko du, amatasunaren alde on eta txarrei buruzko komedia.

Antzerki-programazioa aurrera joango da otsaialaren 21ean, Rauxa Ciaren Anonimos lanagaz, dantza eta zirku garaikidearen bitartez, bakardadeari buruzko beste ikuspegi bat proposatzen duena.

Familientzako proposamenak bueltan izango dira otsailaren 23an, Mar Mar Teatro konpainiaren Elara, bidaia bat izarretara lanagaz. Doluaren inguruko istorio honetan, bidaia espazial bezain espeziala egingo da, bizitzaren zentzua ulertu gura.

Hilaren amaiera La Dramática Errante-ren (Euskadi) Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantan lanak emango dute, otsailaren 28an. Bertan, zuzendaritza eta dramaturgia María Gorizelayaren eskutik datoz, eta zainketa aringarriak eta “heriotza ona” jorratzen dira.

Martxoaren 7an, Marcela, una cacion de Cervantes helduko da, Leticia Dolerak zuzenduta eta Celia Freijeiro protagonista. Lanaren estreinaldia Euskadin hartuko du Leioak, ‘Lepantoko besomotza’ren pertsonaiarik ezagunenetako batean oinarrituta, araua ontzat hartuko ez duena eta bere defentsan hitz egingo duena.

Etsai, "txarra", arrotza eta atzerrikoen kontzeptuak, gerraren testuinguruan, Zapa zero istorioaren oinarrian egongo dira. Markeliñe (Euskadi) konpainiak eskainiko du ikuskizun familiarra, martxoaren 9an.

Antzerki klasikoenak ere bere lekua izango du martxoaren 14an, Cia. El Vodevil-en Guitón onofre. El pícaro perdido. Kontakizun autobiografiko honek komediaitxura hartzen du, musika-interludioagaz eta Pepe Viyuela protagonista; bertan, pertsonaia nagusiaren bizitza birpasatuko da, zorigaiztokoak eta miserableak izan ziren lehen urte haietatik, gaizkiaren bidetik ibiltzera behartzen dutenak.

Martxoaren 21ean Antzerkiz konpainiaren txanda izango da, ¿Quién nos disparó? Antzezlanagaz Ramón Barearen zuzendaritzapean eta Itziar Lazkano buru duen taldeagaz. 

Cuento de Navidad eleberrian Charles Dickens-ek hilezkortu zuen istorioa, baina gure garaira ekarria, protagonista izango da martxoaren 23an, Khea Ziater euskal konpainiaren Mr Scroooge eta mamuak antzezlanean.

Hilaren programazioa, Sense Music Ensemble taldearen musikak itxiko du. Izan ere, Kultur Leioan abiatuko da haien bigarren EP Peixe (arraina, galizieraz) aurkezteko bira, ‘Termodinamika Itzulezina’ (Errabal, 2024) haien estreinako lanagaz lortutako arrakastaren ondoren.

41 zinema-saio

Guztira 41 zine saio ere egingo dituzte, eta urtarrilaren 7an hasiko dira. Haien artean, txikienei zuzendutako 10 proposamen egongo dira, bai eta Menditour-Mendi Film Festivalaren ziklo bereziaren barneko emanaldiak eta, Mendi Astea dela eta (martxoaren 3tik 6ra), eguneko 4 emanaldi.

Zine Forum Perseoko emanaldiak urtarrilaren 7, 14, 21 eta 28an, otsailaren 4, 11, 18 eta 25ean, eta martxoaren 4, 11, 18 eta 25ean izango dira, 20:00etan, eta 2,5 euroko prezioa izango dute.

Zinekoak ere 20:00etan izango dira, urtarrilaren 11, 12 eta 13an, otsailaren 8, 9, 10, 15, 16 eta 17an, eta martxoaren 15, 16, 17, 29, 30 eta 31n, 5 euroko prezioa izango dute - 4 euro ikuslearen egunetan-.

Haurrentzako 10 proiekzioak urtarrilaren 11 eta 12an, otsailaren 8, 9, 15 eta 16an, eta martxoaren 15, 16, 29 eta 30ean izango dira. Beti 17:30ean izango dira eta prezioa 4 eurokoa izango da.

Hiru erakusketa

Kultur Leioako erakusketa guneak hiru erakusketa hartuko ditu datozen hilabeteetan. Lehenengoa, urtarrilaren 16tik otsailaren 16ra, La vaca pinta tailerretako ikasleen lanen aukeraketa bat.

Otsailaren 21etik martxoaren 16ra, Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoak Indusen ibaibideak. Himalaiatik Karatxira, Pakistan, begirada sozial bat bere kazetaritza lana aurkeztuko du. Eta martxoaren 21etik apirilaren 27ra, akuarela-tailerreko ikasleen erakusketa kolektiboa, Pigmentuak eta ura, hartuko du guneak. 

Beste proposamen batzuk

Programazioari Leioan ohikoak diren beste programa batzuk ere ez dira faltako. Gainera, Leioako Kontserbatorioko Orkestragaz emanaldia egongo da Auditoriumean, Bilboko Orkestra eta Gazte Abesbatzagaz batera, urtarrilaren 27an. Bertan ere izango da, otsailaren 1ean, TRUMAN antzezlan solidarioa, Estudios Arcadia konpainiarena. Era berean, martxoaren 22an, Kontserbatorioan, César Uceda Lehiaketa Leioa Gazte Interpretatzaileen sariak banatuko dira.

Urteko lehenengo hiruhilekoan zehar, lehiaketa batzuk ere egongo dira, hala nola, Santa Agedako XXXV. Kantu Lehiaketa (otsailak 4), Maitasun Gutunen XXVI. Lehiaketa (otsailak 14), Gaztetan / Cuando yo era joven kontakizunen lehiaketa (apirilaren 4ra arte) eta San Juan jaietako kartel lehiaketa (apirilaren 16ra arte).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun