Dronen pilotatzea, enpresen kudeaketa edo ekintzailetza ikastaroak, leioaztarren enplegagarritasuna hobetzeko

Erredakzioa 2025ko urt. 9a, 09:51

Ikastaroetan izena emateko prozesua telematikoki edo zuzenean egin daiteke Leioako Behargintzako bulegoan. © BEHARGINTZA

Leioako Udalak langabetuentzako enplegagarritasuna hobetzeko bederatzi prestakuntza-ikastaro eskainiko ditu urteko lehenengo hilabetetan. Ikastaro horiek hainbat arlo landuko dituzte, hala nola gizarte-osasungintza, ostalaritza, logistika, informatika, dronen pilotatzea eta enpresen sorkuntza eta kudeaketa. Guztira, 131 plaza eskainiko dituzte herriko langabetuek beren prestakuntza eta gaitasunak hobetu ditzaten lan-merkatuan sartzeko edo proiektu propioak abian jar ditzaten.

Izen-emateak urtarrilaren 10etik aurrera egin ahal izango dira, telematikoki behargintza.net webgunearen bidez edo, presentzialki, Behargintzaren egoitzan (Mendibile 3).

Eskainiko dituzten ikastaroen artean Hazilan+ programa berri bat ere egongo da. Programa horrek enplegagarritasuna eta laneratzeko aukerak hobetzea du helburu, prestakuntza maila ertaineko edo altuko pertsonentzat, lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituztenentzat. Hazilan+ programak 80 prestakuntza-ordu eskaintzen ditu, talde-saioen bidez lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasunak garatzeko eta enpresetan praktikak egiteko aukera.

Ikastaroak 2025eko otsaila eta ekaina bitartean egingo dira, eta hainbat profiletako pertsonei zuzenduta daude:

  • Larrialdietarako lehen laguntzak eta bihotz-biriketako berpiztea (BBB) ikastaroa: 45 prestakuntza-ordu eskainiko ditu larrialdi medikoen aurrean erantzun azkarra emateko. Prestakuntza teoriko eta praktikoa eskainiko da, arrisku-egoerak identifikatzen, BBB maniobrak aplikatzen eta desfibriladore automatikoak (DEA) erabiltzen ikasteko. Otsailaren 10etik 20ra, 09:30etik 14:30era. 15 plaza.
  • Enpresen sorkuntza eta kudeaketa: norbere kontura lanbide-jarduera bat hasi gura duten pertsonentzat. Parte hartzaileek ekintzailetza-gaitasunak garatuko dituzte. Izena eman aurretik, beharrezkoa izango da ekintzailetza-teknikariagaz bilera egitea, negozio-ideiaren garapen-maila baloratzeko eta prestakuntza hasi aurreko zalantzak argitzeko. Deialdi bi egongo dira: otsailaren 17tik 28ra eta ekainaren 2tik 30era, bi kasuetan 09:30etik 14:30era. Deialdi bakoitzean 20 plaza.
  • Datuen grabaketa eta sinadura elektronikoa: 60 prestakuntza-ordu eskainiko dira informazioa modu eraginkorrean kudeatzeko eta dokumentu digitalak baliozkotzeko. Prestakuntza praktikoa eta eguneratua izango da, datuen erregistroa, informazioaren prozesamendua eta sinadura elektronikoaren erabilera arlo desberdinetan lantzeko. Martxoaren 10etik 28ra, 09:30etik 14:30era. 10 plaza.
  • Hazilan+ programa: enplegagarritasuna hobetzeko programa, talde-saioen bidez lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasunak lantzeko. 80 prestakuntza-ordu eta enpresetako praktikak eskaintzen dira. 15 plaza.
  • Droneak pilotatzeko ziurtagiri profesionala (STS maila): prestakuntza teorikoa eta praktikoa barne hartzen du, Espainiako Aire Segurtasuneko Agentziak ezarritako eskakizunak betez. 70 prestakuntza-ordutan, partehartzaileek europar eta espainiar araudiak betez droneak maneiatzeko trebetasunak eskuratuko dituzte. Apirilaren 22tik maiatzaren 16ra, 09:30etik 14:30era. 12 plaza.
  • Biltegiak berrantolatzea transpalet eta orga jasotzaileagaz: inbentarioak kudeatzeko eta prozesu logistikoak optimizatzeko funtsezko tresnak erabiltzeko prestakuntza praktikoa eta profesionala ematen du. Prestakuntza hori amaitzean, lan-eremuan transpaletak eta orga jasotzaileak segurtasunez erabiltzeko ofizialki gaitzen duen txartela lortuko du parte-hartzaileak. Maiatzaren 5etik 23ra, 09:30etik 14:30era. 12 plaza.

Kurtso guztien inguruko informazio zehatza erantsitako dokumentu honetan kontsultatu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun