Parte hartzea adin guztientzat zabalik egon arren, lehiaketa kategoria bitan banatu diute: 16 urtera arte eta 16 urtetik aurrera. Kide kopuruari dagokionez, abesbatzak gutxienez 12 lagunek osatu beharko dituzte, eta ahotsez zein instrumentuz osatuta egon ahal izango dira.
Parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute urtarrilaren 24ra arte Kultur Leioako harreran, infokultur@leioa.eus helbide elektronikoan edo 946 072 570 telefonoan. Baldintzak betetzen dituzten talde guztiek konpentsazio ekonomikoa jasoko dute parte hartzeagatik, baina onenek diru-saria, trofeoa eta diploma jasoko dute.
Irabazleak zehazteko, epaimahaiak, besteak beste, honako alderdi hauek sarituko ditu: ahotsen kalitatea, sormena, parte hartzen duten taldeen girotzea eta berdintasuna (kide kopurua eta sexu eta adin desberdinen inklusioa).
Halaber, parte-hartzaileei ordu jakin bat emango zaie, eurek erabakitako espazioaren barruan, epaimahaiaren aurrean kanta dezaten: Lamiakoko jubilatuen etxea, Txopoeta, Txorierri eta Langileria kalea; Pinueta-Ibaiondoko Pinueta Kulturgunea, Cervantes plaza, Beirazko Puntzgilearen estatuaren ingurua eta Ibaiondo; hirigunean, Ikea plaza, San Juan auzoa, Euskal Etxeen plaza eta Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazak; San Bartolome eta Basaez-Artatzagana inguruan Artatza, Negurigana, Ermita eta Artatzagana plaza eta Udondon Kandelazubieta eta Udondoko Boulevard.
Abesbatza bakoitzak aukeratutako gunean eta antolakuntzak markatutako puntuetan abestu beharko du, baina beste leku batzuetan ere abestu dezake, bai bere eremuan, bai beste leku batzuetan. Sari-banaketa otsailaren 8an, zapatuan, egingo dute, 12:00etan, Kultur Leioako Erakusketa Aretoan.