Udalerrian aitzindaria den zerbitzu honen xedea Leioako emakumeei laguntza psikologikoa eta arreta pertsonalizatua eskaintzea da. Hain zuzen ere, zerbitzuaren onuradunen beharrak identifikatzea eta dauzkaten helburuak planteatzea eta horiek lortzea ahalbidetuko dien ibilbide bat egitea da asmoa. Era berean, pribatutasuna zainduko duen zerbitzuak banakako informazioa, euste-arreta psikologikoa eta krisi-arreta ere eskainiko ditu, eta, beharrezkoa denean, egoera bakoitzari hobeto egokitzen zaizkion Udalaren edo udalaz gaindiko baliabideetara bideratzea eta horiek eskuratzea bermatuko da.
"Badakigu arazo emozionalek, askotan ikusezinak, eragin handia izan dezaketela pertsonen bizitzan, horregatik, funtsezkoa da horrelako egoeren paradigma prebentzioko eta arretako udal-politiketan txertatzea, beren beharrei eta helburuei aurre egiteko beharrezko laguntza aurkitu ahal izan dezaten", azpimarratu du Iban Rodriguez Leioako alkateak gaur kultur Leioan egin duten aurkezpenean.
Zerbitzuaz arduratuko den Paula Lana psikologoak azaldu du lau fasetan banatuko dutela arreta: ezinegonari edo beharrei buruz berba egiteko hasierako harrera, emozioei eutsi ahal izateko tresnen ahalbidetzea, aholkularitza fasea, eta, behar izatekotan, dagokion zerbitzuetara bideratzea. Horregaz batera, tailer kolektiboak ere egingo dituztela azaldu du, besteak beste, emozioak edo autoestimua bezalako gaiak jorratzeko.
"Halere bai tailerrak bai akonpainamendua proiektu pilotua dira oraindik, beraz, azaltzen diren beharren arabera egokitzen joango gara, arreta errealitatera ahalik eta gehien egokitu dadin", adierazi du psikologoak.
Zerbitzua daborduko martxan dago eta hitzordua eskatzeko 944 001 917 telefono-zenbakira deitu beharko da, eguaztenetan 15:30etik 19:00etara eta barikuetan 10:30etik 14:00etara.