Gonzalezek apur bat denetarik eskaintzen du Estartetxe kalean duen dendan: ordenagailuak, softwareak, hardwareak, mugikorrak, inprimagailuak... Berak zazpi urte inguru daramatza hor lanean, baina denda bere aitak ireki zuen duela 22 urte. "Ni beragaz hasi nintzen lanean eta merkatuaren bilakaera guztia ikusi dut bertatik bertara", gogoratu du.
Gaur-gaurkoz teknologia- eta informatika-produktu guztiak Interneten erosi daitezkeen arren, berak azpimarratzen du beraien helburua bakoitzaren beharren arabera aholkatzea dela: "Lehen saltzaileak ginen, baina orain, batez ere aholkularitza-lanak egiten ditugu, bezero bakoitzak bere beharren arabera eros dezan".
Online salmentaren aurrean, negozioaren indarguneak laguntza pertsonalizatua eta zerbitzu teknikoa direla azpimarratzen du; "momentuz, Internetek ez dizkizu horiek emango, beraz, guk horretan jarraituko dugu". Horregaz batera Beep Leioan bezeroei erabat konfiguratuta eta erabiltzeko prest uzten dizkiete gailuak, "online salmentak ezin dizu hori eskaini, eta bezeroek aintzat hartzen dute hori", gaineratu du Gonzalezek.