Umetxoentzako igeriketa-ikastaroetan izena emateko epea ireki dute Leioan

Ander Zarraga 2025ko urt. 16a, 16:06

Ikastaroak Torresoloko eta Sakonetako igerilekuetan eskainiko dituzte. © LEIOAKO UKI

Izena ematea urtarrilaren 20tik 26ra bitartean egin ahal izango da, aurrez aurre edo posta elektronikoz; klaseak otsailaren 21ean hasiko dira. Aurreko ikasturtean 100 familiak parte hartu zuten egitasmo arrakastatsu honetan.

Leioako Udalak iragarri duenez, umetxoen garapen fisikoa eta emozionala sustatzeko igeriketa-ikastaro berrietan izena emateko epea irekiko dute. Ikastaro horiek 2024-2025 denboraldiko bigarren lauhilekoari dagozkio, eta 4 eta 47 hilabete bitarteko haurrentzat egongo dira eskuragarri, bakoitza gehienez 10 plazako lau taldetan banatuta. Saioak bariku arratsaldetan egingo dituzte, Sakoneta eta Torresolo kiroldegietan, eta ordutegia17:00etatik 19:30era izango da.

Izena emateko epea urtarrilaren 20tik 26ra bitartekoa izango da, eta aurrez aurre Sakonetan eta Torresolon bertan edo posta elektronikoz egin ahal izango da uki.atezaintza@leioa.eus helbidera eskaera bidaliz. Behin-behineko zerrendak otsailaren 10ean argitaratuko dituzte, eta behin betikoak, 11n. Ikastaroak otsailaren 21ean hasi eta ekainera arte luzatuko dira. Informazio gehiago www.leioakirolak.eus webgunean edo udal kiroldegietan eskura daiteke.

Denboraldi honetako lehen lauhilekoan 50 haurrek parte hartu zuten, eta aurreko ikasturtean 100 familiak jaso zuten programaren onura. Antolatzaileek azaldu dutenez, jarduerak haurtxoen eta helduen arteko lotura afektiboa indartzeko, haurrek urarekiko duten konfiantza hobetzeko eta txikitatik ohitura osasungarriak sustatzeko diseinatuta daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun