Gaur egun, Leioako 32 lagunek parte hartzen dute udalerriak eskaintzen dituen bost kirol modalitate egokituetako batean: igeriketa, fitnessa, multikirola txikia, zahartze aktiboa eta Gazte Fit. Jarduera horiek kirolerako sarbidea bermatzeaz gain, dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa, sozializazioa eta ongizate fisiko eta mentala ere sustatzen dute.
"Gure helburua ez da soilik kirol-jarduerak eskaintzea, baita espazio inklusibo eta normalizatuak sortzea ere, pertsona guztiak, beren gaitasunak edozein direla ere, integratzeko, konfiantza sendotzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko", azpimarratu du alkateak.
Hala, iragarri dute aurtengo berrikuntzen artean, nabarmentzekoa dela gimnastika erritmiko inklusiboko eskola bat jarriko dutela martxan, Sakoneta Gimnasia Erritmikoko Klubagaz lankidetzan. Programa berri horri esker, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteek gimnasia erritmikoko saio egokituetan parte hartu ahal izango dute, garapen fisikoa eta gizarteratzea sustatuz.
Zehaztu dutenez, eskolak 2025eko otsailaren 6an hastea aurreikusi dute eta klaseak eguenero izango dira, Sakoneta kiroldegian. Izena emateko epea urtarrilaren 28ra arte egongo da zabalik webgune honetako loturaren bitartez. Era berean, Hasztenek 747 40 43 57 telefonoaren bidez kudeatuko ditu inskripzioak eta informazio gehigarria emango du.
Programan aholkularitza-zerbitzuak, hasierako ebaluazioak eta jarraipen pertsonalizatua izango ditutze, parte-hartzaile bakoitzaren behar espezifikoak identifikatzeko eta erantzuteko. Gainera, familiek etengabeko laguntza jasoko dute proiektuan parte hartzen duten pertsonen integrazioa eta ongizatea bermatzeko.