Etorkintzak Bizkaiko 24 udalerritan lan egiten du, eta bere ekintzakaz 207.101 bizilaguni lagundu die 40 urte horietan. Denbora horretan zehar, 305 ikastetxe baino gehiago lagundu ditu, eta 4.531 irakasle eta 130.781 ikasle baino gehiago prestatu ditu mendekotasunak prebenitzeko. Gainera, 7.097 nerabe eta gazte artatu dituzte zenbait programaren bidez. Horrez gain, 38.753 familiaz arduratu dira seme-alabak hezteko prozesuan, eta mendekotasunak eta osasun mentalak dituzten 9.321 pertsona artatu dituzte, bai eta beste 4.876 pertsona gizarteratu ere.
2023ko Euskadiko mendekotasunei buruzko inkestan jaso denez, euskal gizartearen 15 urtetik gorako pertsona gehienek harremanen bat izan dute substantzia psikoaktibo legalakaz (% 91ek alkoholagaz eta % 69ek tabakoagaz), eta gero eta pertsona gehiagok probatu dituzte substantzia ilegalak (% 39ek kalamua eta % 12ek beste substantzia ilegalen bat); halaber, biztanleen % 50,5 ausazko jokoetan eta apustuetan aritzen dira. Bestalde, biztanleen % 19ek farmako lasaigarriak edo somniferoak kontsumitzen dituzte. Kontsumo hura, ausazko jokoetan aritzea bezala, handituz doa adinagaz.
Ospakizun horren helburuen artean, honako hauek nabarmendu dituzte: elkargoaren presentzia soziala eta haren nortasunaren ezaugarriak berreskuratzea; mendekotasunak dituzten pertsonen beharrak ezagutzera ematea, beren eskubideen babesean aurrera egiteko; hausnartzea eta estigmak haustea; gizarteak eztabaidatzea eragitea eta hobekuntzak proposatzea; ospakizun honen partaide egitea interes talde ezberdinei; eta instituzioek eta erakundeek mendekotasunak dituzten pertsonakaz esku hartzeko ematen duten laguntza aitortzea.
Bestalde, Salvia Hierro Etorkintzako zuzendari gerenteak adierazi du adikzioen problematikak erantzun globala behar duela, eta erantzun horretan gizarteak, oro har, eta pertsona bakoitzak, bereziki, funtsezko eginkizuna duela.
Iban Rodríguez Etxebarriak, Leioako alkateak, Etorkintza zoriondu du 40 urte hauetan izan duen ibilbideagatik, eta gogorarazi du udalerrian fundazioarekiko lankidetza ia bere ibilbidearen hasieran hasi zela, eta azpimarratu du "adikzioen fenomenoa bezain konplexua den fenomeno batek nahitaez dakarrela ekintza eta estrategia bateratuak, eremu guztietatik eremu guztietarako. Leioako Udaletik zeharkako abordatze bat lantzen dugu, diziplina anitzekoa eta integrala eta arlo desberdinetatik ". Leioako alkateak elkarregaz lan egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi izan du, "hirugarren sektoreko erakundeakaz urteetan zehar ehuntzen joan garen lankidetza-sarea indartzen eta zabaltzen jarraituko dugu, gure bizilagunen ongizatea hobetzeko eta zaintzeko helburuagaz".
Ildo beretik, Pilar Grados Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi duenez, "Etorkintzaren laguntzarekin leioaztarrei baliabide desberdinak eta askotarikoak eskaintzen dizkiegu adikzioa prebenitzeko, antzemateko eta horren aurrean jarduteko". Gaineratu duenez, "erakusketa hau oso aukera ona da adikzioei buruz eta Etorkintzak egin duen lan handiari buruz hausnartzeko".