Leioako Emakumeen 6. Martxan parte hartzeko izen-emateak zabalik egongo dira hilaren 21era arte

Erredakzioa 2025ko ots. 5a, 17:15

Leioako Emakumeen Martxa, artxiboko irudian. © LEIOAKO UDALA

Martxak Leioako kaleak zeharkatuko ditu martxoaren 9an, domeka, 11:00etan, Errekalde plazatik abiatuta. Izen-emateak Udaleko eta Gaztelubideko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ) edo Kultur Leioan egin daitezke. Udalak kamiseta batzuk diseinatu ditu hitzordu horretarako, eta izena eman dutenek doan jaso ahal izango dituzte martxaren hasiera baino lehen.

Udalak Leioako VI. Emakumeen Martxa antolatuko du, martxoaren 9an, domekan, herriko kaleak morez aldarrikapenez betetzeko. Ekimena martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, ospatzeko diseinatutako programazioaren parte izango da.

Martxa 11:00etan abiatuko da Errekalde plazatik, eta bertan amaituko da herrian kaleetatik hiru kilometroko ibilbidea egin ostean. Egun horren helburua emakumeek gizartean parte hartzeko eta pertsona gisa, gizonekiko berdintasunean, garatzeko egiten duten borroka eta aldarrikapena ikusaraztea izango da.

Parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea; horretarako epea zabalik egongo da otsailaren 21era arte, eta izena Udaleko eta Gaztelubideko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan edo Kultur Leioan eman daiteke.

Aurtengo ediziorako, ohi bezala, Udalak kamiseta batzuk diseinatu ditu, eta izena eman dutenek doan jaso ahal izango dituzte martxoaren 9an bertan, lasterketaren aurretik, 08:00etatik 10:00etara, Errekalde plazan. Era berean, Udalak datozen asteetan aurkeztuko du Emakumeen Nazioarteko Egunerako aurreikusitako programazioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun