Leioako Udalak euskararekiko konpromisoa indartuko du Normalizazio Plan berri bategaz 2027ra arte

Ander Zarraga 2025ko ots. 6a, 14:03

Euskaraldia Leioan, artxiboko irudian. © EDENIKA

Leioako Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana aurkeztu du. Ekimen hori 2027ra arte luzatuko dute, eta helburu nagusia herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen presentzia indartzea da, bai administrazioan, bai eguneroko bizitzan.

Planak ekintza estrategikoak aurreikusten ditu Udalaren barneko eta kanpoko komunikazioan euskararen erabilera areagotzeko, besteak beste, euskararen ikaskuntza sustatzeko eta sentsibilizazio-ekimenak areagotzeko. Gainera, metodologia parte-hartzaileak ere landuko dituztela azaldu dute, hala nola Udalaren egoera linguistikoaren diagnostiko eguneratua egitea eta erabilera bermatzea; EUSLE metodologia ezartzea, hizkuntza-oztopoak gainditzeko tailerrak egitea eta udal-bileretan “Ahobizi/Belarriprest” formulak erabiltzea bezalako ekimenak garatzea eta hizkuntzen erabilerari buruzko irizpide ofizialak hedatzea eta betearaztea, kontratu eta diru-laguntzetan klausula linguistikoak txertatzea, eta euskaraz lan egiteko tresna praktikoak eskaintzea.

Ahalegin hori euskara biziberritzeko konpromiso zabalago baten barruan kokatzen dela azpimarratu dute Udal-iturriek, eta 2034ra arte Euskara Biziberritzeko eta Euskal Hiztunak Ahalduntzeko Esparru Estrategikoa (AROA) egitea ere barne hartzen du. Ibilbide-orri hori herritarren eta hainbat gizarte-eragileren parte-hartzearekin garatuko dutela ere azaldu dute.

Apustu horregaz, Leioako Udalak berretsi egiten du euskararekin duen konpromisoa, kohesio sozialerako eta nortasun kulturalerako elementu gisa, eta udalerrian sendotzea eta haztea bermatzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun