Leioako Udalak bultzatu duen talde berria hilean behin bilduko da urte osoan zehar, eta esperientziak partekatzeko, emozioak baliozkotzeko eta dolua taburik gabe igarotzeko gune segurua eta lagungarria eskaintzea du helburu. Psikologo perinatal batek dinamizatuko ditu saioak, eta ordu eta erdi eta ordu bi arteko iraupena izango dute.
Bilerak otsailaren 12an hasiko dituzte, 18:00etatik 19:30era, Mendibileko eskoletan (Mendibil, 13). Edukiera 8 eta 10 pertsona bitartekoa izango da, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da 722 822 039 telefonora deituz edo eskuhutsikleioa@gmail.com helbidera idatziz.
Lehenengo topaketaz gain, egun hauetarako saioak programatu dituzte: martxoak 19, apirilak 9, maiatzak 14, ekainak 11, uztailak 9, irailak 10, urriak 8, azaroak 12 eta abenduak 3.
Entzuteko eta laguntzeko gune bat
Topaketa hauen helburua dolua banaka zein taldeka lantzen laguntzea da, bizipen emozionalaren onarpena sustatuz eta errespetuzko eta segurtasuneko gune bat eskaintzeko, azaldu dute antolatzaileek.
Halaber, Leioako Udalak horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du osasun fisikoa eta mentala prebenitzeko eta sustatzeko estrategiaren barruan, arlo sozio-sanitarioko beste eragile eta erakunde batzuekaz koordinatutako ikuspegiagaz.