Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da eta Leioako udalak hainbat ekintza antolatu ditu hori ospatzeko, eta emakumeen papera zientziaren arloan azpimarratzeko eta belaunaldi berriak inspiratzeko helburuagaz.
Jarduerak hezkuntza-maila ezberdinetara bideratuta egin dituzte, berdintasunaren inguruko kontzientzia zabaltzeko. Leioako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek, baita DBHko lehenengo mailakoek ere, Udalak landutako liburuxka erabili dute. Bertan, bost emakume zientzialarik egindako ekarpenak eta jasandako diskriminazioak aztertzen dira. Gainera, ikasleek elkargune bat izan dute beste emakume zientzialarien inguruko informazioa bilatzeko eta ikaskideakaz partekatzeko.
Piztu. EmakumeON energia antzerkia
Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek Kultur Leioan antolatutako Piztu. EmakumeON Energia antzerki saiora joateko aukera izango dute. Ikuskizun honek emakumeek zientzian duten eginkizuna aldarrikatzen du, ikusle gazteen artean hausnarketa eta inspirazioa bultzatuz.
Ekimenak osatzeko eta herritar guztien artean berdintasunaren aldeko mezua zabaltzeko, informazio- eta sentsibilizazio-kartelak ere jarriko dituzte bai ikastetxeetan, bai udal-eraikinetan. Ekintza horiekaz, Udalak emakume eta gizonen arteko berdintasuna txikitatik sustatzea du helburu, eta, bereziki, historikoki gizonezkoek nagusitu izan dituzten eta oraindik maskulinizatuta dauden arloetan arreta jartzea.