Leioa euskal waterpoloaren hiriburu izango da Euskal Herriko Kopako finalakaz

Ander Zarraga 2025ko ots. 14a, 09:24

Zapatuan, Leioako waterpoloko talde biak arituko dira, bai gizonezkoen zein emakumezkoen lehian. © LEIOA WATERPOLO

Bihar, otsailak 15, 120 kirolari baino gehiago bilduko dira Askartzako igerilekuan egingo duten Euskal Herriko Waterpolo Kopako finaletan. Leioa Waterpolo talde antolatzailearen 25. urteurrena dela eta, zapatua waterpoloaren festa izango dela iragarri dute; izan ere, zortzi partida jokatuko dituzte gizonezkoetan eta emakumezkoetan txapeldunak erabakitzeko.

Finalerdiak 10:00etan hasiko dituzte Lauro Ikastola eta Claret Askartzaren arteko neurketagaz; ostean, emakumezkoen txapelketan, Leioa Waterpolo B eta Larraina-Iruña B arituko dira. Jarraian, 13:30etik aurrera, gizonezkoen taldeen txanda izango da: Leioa Waterpolo-CW Sestao eta Claret Askartza-DN Portugalete taldeakaz.

Arratsaldean, emakumezkoen eta gizonezkoen hirugarren eta laugarren posturako neurketak jokatuko dituzte, 16:30ean eta 17:45ean, hurrenez hurren. Final handiak 19:00etan (emakumezkoak) eta 20:20ean (gizonezkoak) izango dira, eta horiekaz emango diete amaiera waterpoloaren festa handiari.

Kirol-ikuskizunaz gain, jardunaldian ikusleek zozketa handi batean parte hartu ahal izango dute, ekitaldiaren babesleek emandako sariakaz banatuko dena, euskal waterpoloarentzako jardunaldi berezi horri beste pizgarri bat gehituz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun