Mendi Film Festival Nazioarteko Mendi Zinemaldiagaz eta Leioa Mendi Taldeagaz lankidetzan, Leioako Udalak iazko jaialdiko film labur eta dokumental onenen proiekzioakaz abiatuko du aurtengo Leioako Mendi Astea; horiez gain, hainbat hitzaldi, masterclass, hitzaldi eta erakusketa ere egingo dituzte martxoko lehen egunetan.
Hasteko, otsailaren 26an 19:00etan Mendi Tour Festival 2024 jaialdiaren proiekzio onenak eskainiko dituzte Kultur Leioan, Janire Etxaberen Haize lerroak, Iciar Casatmitjana y Garazi Sanchezen Modo avión, Jim Aikmanen Red rock revolution eta Pierre Cadoten Painting the mountains lanakaz. Otsailaren 27an, Darcy Hennesseyren Jamie eta Eliza Kubarskaren The last expedition proiekzioakaz jarraituko dute emanaldiek.
Sarrerak 3 euroko prezioa izango dute, eta egun bietarako bono bat erosteko aukera ere egongo da, 5 euroren truke. Kultur Leioako leihatilan edo www.kulturleioa.com eta www.kutxabank.es webgunetan eta kutxazainetan erosi ahal izango dira horiek.
Film labur eta dokumentalek zortzi minutu eta ordu eta erdi arteko iraupena izango dute, hurrenez hurren. Jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, baina euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz.
Hitzaldiak eta gehiago
Martxoaren 3an, astelehenean, solasaldiak hasiko dituzte. Lehenengoa Javi Pec altuerako argazkilariaren eskutik etorriko da, eta masterclass bat emango du, profesionalak munduko eskalatzaile onenakaz nola lan egiten duen eta argazkietan fokuratze onena nola bilatzen duen azaltzeko. Adam Ondra, Alberto Gines, Margo Joan edo Chris Sharma bezalako eskalatzaileak izan dira Pec-en lanetan.
Martxoaren 4an, martitzenean, Ekipatzeko artea hitzaldiaren txanda izango da. Bertan, Begirada bat atzera, ekipatzeko artea film laburra proiektatuko dute eta, ondoren, galderen txanda izango da. Film laburreko protagonistek, Alfonso Garcia zuzendariagaz batera, eskalada-bideak hasieratik nola, noiz eta zelan ekipatzen diren eta sektorea nola bilakatzen den erakutsiko dute.
Hurrengo egunean, martxoaren 5ean, eguaztena, Pou anaiek hitzaldi bat emango dute Izotza eta arroka mendikate zurian. Ekitaldian, Iker eta Eneko Pouk 6.164 metroko Ranrapalcaren ipar-mendebaldeko aurpegia eskalatzeko erronkari nola aurre egiten dioten eta Peruko kulturagaz eta Mendikate Zuriko jendeagaz nola jarduten duten kontatuko dute.
Hiru ekitaldi horiek Kultur Leioako udalbatza-aretoan egingo dituzte, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da lekua bete arte.
Climbing Girl Party
Leioako Mendi Astea martxoaren 6an amaituko da, eguenean, Sakoneta kiroldegian egingo den 13. Climbing Girl Party jaialdiagaz, izenematea doakoa izango da. Gainera, otsairalen 21etik martxoaren 16ra arte, Induseneko ibaibideak, Himalaiatik Karatxira Pakistanen begirada sozial bat erakusketa, eta CVCEPHOTO 2024ko argazkiak ikusgai egongo dira, biak Kultur Leioako erakusketa aretoan.