Leioako Udalak XXVI. Narrazio Lehiaketa deitu du, "Ni gaztea nintzenean...", idazkera eta narrazioa garatzeko aukerak ahalbidetzeko, memorian gordetako oroitzapen guztietatik abiatuta eta gaztaroko garaiak gogora ekartzeko helburua duena.
Lanak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 4ra arte, barikua, egongo da zabalik. Proposamenak Kultur Leioan aurkeztu beharko dira, norbera bertaratuz edo posta bidez Jose Ramon Aketxe 11, 48940, Leioa helbidera. Postaz bidalitako lanak zigiluz markatuta egon behar dira, apirilaren 4ko datagaz, beranduenez.
Parte-hartzaile bakoitzak gehienez narrazio bi aurkeztu ahal izango ditu, euskaraz edo gaztelaniaz, eta gehienez ere lau orri izango ditu, alde bakarretik idatzia. Lanak originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izango dira. Ezin da erabili adimen artifizialik erabili edukia sortzeko, egilearen sormen propioa izan behar baitu. Lehiaketan parte hartzen duten lan guztiak hiruna kopiatan aurkeztu beharko dira; eta izenburua edo izengoitia soilik eduki beharko dute, egilea identifika dezakeen xehetasunik gabe. Beste orri batean egilearen datuak jarriko dira: izena eta abizenak, helbidea, adina, telefonoa, posta elektronikoa, eta aurkeztutako lana argitaratu gabea ezta beste lehiaketa batean saritu gabea dela dioen adierazpena. Gutunazalaren kanpoan izenburua edo izengoitia eta zein kategoriari dagokion jarri beharko da.
Lehiaketa honetan lau kategoria ezarri dituzte parte-hartzaileen adinaren arabera: 18 urtera arte; 19 urtetik 39ra; 40tik 59 urtera; eta 60tik aurrera. Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira: lehenengoa, 250 euro, garaikurra eta diploma; eta bigarren saria, 125 euro, garaikurra eta diploma. Sari-banaketa 2025eko ekainaren 6an, barikua, arratsaldeko 18:30etan Kultur Leioan egingo da.
Epaimahaia idazketagaz eta kulturagaz zerikusia duten hiru pertsonek osatuko dute. Saritutako lanak 2025eko Lehiaketa Liburuan argitaratuko dira.