Leioako Udalak belaunaldien arteko hainbat topaketa egingo ditu apirilaren 7ra arte, adin ezberdinetako pertsonen arteko bizikidetza, elkar ulertzea eta errespetua sustatzeko. Horretarako, Leioako Adinekoen Eguneko Zentroko 40 pertsona Irlandako, Askartzako, Mesedetako Andra Mariko eta Betiko Ikastolako DBHko 1. mailako ia 400 ikaslegaz bilduko dira.
Ikasleek adineko pertsonen esperientzietatik eta ezagutzetatik ikasiko dute, eta, aldi berean, belaunaldi berrien etorkizuneko ikuspegiaz, ideiez eta ikuspegiez elikatu ahal izango dira. Horrelako ekimenen bidez, Leioako Udalak gizarteko kolektiboen parte-hartzea sustatu gura du, eta gazteen artean zahartzaroaren irudi positiboa bultzatu.
Belaunaldi bien arteko harremana bultzatzeaz gain, Leioako komunitatearen nortasun kolektiboa eta denboran zehar egindako ibilbidea ulertzeko osagai historikoa ere izango dute. Hala, lau ardatz nagusi ezarri dituzte saioetarako: emakumea Leioan, herriko tradizioak eta kultura, udalerriko hirigintza eta migrazioa.
Oroitzapenen elkartrukeagaz zubiak eraikiko dira iraganaren eta orainaldiaren artean. Udalak azpimarratu du ekitaldi aberasgarria izango dela gazteentzat zein adinekoentzat, memoriarako ondare zuzenena osatzen duten istorio eta bizipenen eramaileak baitira, zaindu eta zaindu beharreko aberastasuna.
Parte hartuko duen gela bakoitzeko saio bat egingo dute, eta hori dinamizatzeko, Udalak Bizipoz kooperatibaren laguntza izango du. Kooperatiba horrek adinekoentzako programak diseinatu eta garatzen ditu. Saio horiek Leioa Lagunkoia udal-estrategiaren barruan kokatzen dira.