Jose Miguel Barandiaran institutu berriko lanak hasi dituzte Leioan

Ander Zarraga 2025ko mar. 6a, 09:07

Eraikin berriak 600 ikasle baino gehiago hartzeko edukiera izango du.

Zazpi urteko plangintzaren ondoren, Jose Miguel Barandiaran institutuaren eraikin berriaren obrak hasi dituzte Leioan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak instalazio bakar batean biltzea ahalbidetuko du proiektu horrek, gaur-gaurkoz, Barandiaran Goikoa eta Behekoa eraikinen artean banatuta daudenak.

Zentro berria 14.000 metro karratuko lursail batean eraikitzen ari dira, Aldapabarrena kalean, Sakoneta auzoan, orain arte, 180 plazako aparkalekua zegoen lekuan, hain zuzen. Azpiegiturak 9.743 metro koadro izango ditu, hiru solairutan banatuta: ikasgela espezializatuak, liburutegia, jantokia eta administrazio-gunea. Gainera, lurpeko aparkaleku bat ere izango du eta Altzaga Ikastola ikastetxearen kanpoaldeko guneak handituko ditu 2.360 metro koadro gehiagogaz.

Kokapenari buruzko eztabaida 2018an hasi zen, eta, unibertsitate-eremuko eraikina handitzea baztertu ondoren, hirigunean kokatzea erabaki zuten. 22,8 milioi euroko aurrekontuagaz, lanek 22 hilabeteko epea dute, beraz, 2026aren amaieran amaitzea aurreikusi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun