Leioako Udalak Leioa pausoz pauso ekimena jarri du abian, hainbat ibilbide naturalen bidez, udalerriko ondare historiko eta industriala ezagutzera emateko eta balioesteko ekimena. Martxotik urrira bitartean, hileaan domeka batean, leioaztarrek eta Leioa bisitatzen dutenek hainbat ibilbide natural izango dituzte udalerriko hainbat eremutan.
Ibilbide naturalak aurreko urtean egin zirenen antzekoak izango direla aurreratu dute udaleko iturriek, baina aurreko edizioan eskainitako lauei bosgarren bat gehituko diete, berria dena: Errotetatik jauregietara izenekoa.
Leioari buruz gehiago jakiteko eta bertako ondarean murgiltzeko aukera eskainiko dieten ibilbideak hauek izango dira: Leioako altxorrak, martxoaren 23an eta uztailaren 27an; Zientzia naturan, apirilaren 20an eta abuztuaren 10ean; Itsasadarrari begira, maiatzaren 4an eta abuztuaren 31n; Baserri eta monumentuen artean, ekainaren 15ean eta irailaren 14an; eta, azkenik, Errotetatik jauregietara, uztailaren 13an eta urriaren 5ean.
Ibilbideen iraupena ordu bikoa izango da gutxi gorabehera. Taldeak gehienez 25 lagunera mugatuta egongo dira eta izena ekobideak@gmail.com helbidean edo 666 85 77 61 telefonora deituz eman ahal izango da.
Ekimen gastronomikoa ere
Leioako ondarea ere bada Bizkaiko Txakolina, beraz, udalerriko ostalaritza-establezimenduen ukitu gastronomikoa ere ezin zen falta. Hala, ibilbidearen egun berean, Leioako hainbat taberna eta jatetxetan hilabeteko epean trukatu ahal izango den txartel inprimatu bat emango zaie parte-hartzaileei, Bizkaiko Txakolina (edo muztioa alkohola kontsumitu gura ez dutenentzat) eta gilda batengatik trukatu ahal izango dena.
Horretarako, Leioako Udalak izena emateko formulario bat bidali die udalerriko ostalaritza-establezimenduei, ekimenean parte hartzeko. Gura dutenek martxoaren 10era arte dute izena emateko; bete beharreko baldintza bakarrak Bizkaiko Txakolina eskaintzea eta adostutako prezioagaz ados egotea dira.
Daborduko sei establezimendu atxiki zaizkio ekimenari: Back Street Lounge, Mendibile jatetxea, In & Out, Zeuek taberna, Oé Bistró eta Arkupe taberna.
Leioako Udalak konpromiso sendoa hartu du udalerriko ondare historiko eta industriala indartzeko eta balioesteko, eta, aldi berean, Leioako profil gastronomikoan eragiteko eta turismo-sektoreko enpresak erakartzeko hainbat ekintza sustatzeko, Leioako alderdi hori sustatzen jarraitu ahal izateko.