2025eko Leioako San Juan jaietarako kartel-lehiaketaren deialdia zabalik dago

Erredakzioa 2025ko mar. 10a, 10:53

Iazko Leioako jaietako artxiboko irudia.

Leioako Udalak 2025eko San Juan jaiak iragartzeko kartel lehiaketaren deialdia ireki du. Lanak aurkezteko epea apirilaren 4an itxiko dute, eta teknika librea izango da, argazkigintza, ilustrazioa, pintura edo diseinu digitala ahalbidetuz.

Lehiaketa honetan interesa duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, adina eta bizilekua edozein dela ere. Parte-hartzaile bakoitzak proposamen bi aurkez ditzake gehienez, betiere originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak baldin badira. Teknika libre izango da, eta argazkigintza, ilustrazioa, pintura edo diseinu digitala erabili ahal izango dira, baina ezinbestekoa izango da Leioako jaiak islatzen duen elementuren bat izatea.

Horretarako, lan guztiek "Leioa" eta "San Juan Jaiak 2025" testua izan beharko dute, eta formatu digitalean (JPG edo PDF), euskarri fisiko batean (USB edo CD) edo eskaneatuta, aurkeztu ahal izango dira.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 4ra arte egongo da zabalik, eta proposamenak Kultur Leioan aurkeztu beharko dira, lelo edo izenburu bategaz eta egilearen identifikaziorik gabe. Hautaketa-prozesuaren inpartzialtasuna bermatzeko, gutun-azal itxi batean eta lelo beraregaz, parte-hartzailearen datu pertsonalak, laburpen kurrikuluma eta obra originala eta argitaratu gabea dela egiaztatzen duen sinatutako adierazpena aurkeztu beharko dira.

Herri-bozketa

Kartel finalistak hautatzeko, arte, diseinu eta komunikazio arloko ordezkariek eta jaietako kuadrillen kideek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu bost kartel finalista. Emaitza apirilaren 14an jakinaraziko dute, eta apirilaren 15etik 25era bitartean herri-bozketa egingo dute. Hala, herritarrei gehien gustatu zaizkien hiru kartelen alde bozkatu ahal izango dute (3, 2 eta 1 puntu, hurrenez hurren), Kultur Leioaren webgunearen bidez edo erakusketan bertan aurrez aurre bozkatzeko aukera izango dute.

Kartel irabazlea maiatzaren 11n iragarriko dute, 19:00etan egingo den ekitaldian. Irabazleak 800 euroko saria jasoko ditu; gainera, aurkeztutako lan guztiak Kultur Leioako erakusketa batean egongo dira ikusgai ekainaren 12ra arte.

Deialdi honegaz, Leioako Udalak kulturarekiko eta herritarren parte-hartzearekiko konpromisoa berretsi gura du, talentu artistikoa sustatuz eta San Juan Jaietako irudi bisuala sendotuz. Horregatik, herritar guztiak animatu gura izan ditu ekimen honetan parte hartzera eta beren sormenagaz 2025eko jaien irudian laguntzera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, lehiaketaren oinarriak lotura honen bitartez kontsultatu daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun