Aniztasuna izango da 25. Umore Azokako programazioaren ardatza

Ander Zarraga 2025ko mar. 12a, 12:03

Aurtengo Umore Azokan parte hartzeko 600 proposamen baino jaso dituzte antolatzaileek, baina 49 konpainia bakarrik izan dira onartuak.

Leioako kaleko artisten azokak aurten 25 urte betetzen ditu, eta urtemuga berezi hori ospatzeko, hemengo eta atzerriko 49 konpainiaren ikuskizunak eskainiko dituzte, horietako asko estreinaldiak. Euskadiko kaleko arte eszenikoen ekitaldi garrantzitsuenetariko honek Leioako kaleak antzerki, dantza, zirku eta musikaz beteko ditu maiatzaren 15etik 18ra.

Aurtengo edizioan, 21 euskal konpainiak, Estatu mailako 21 konpainiak (Andaluzia, Katalunia, Madril, Valentzia, Nafarroa, Murtzia eta beste erkidego batzuetatik etorriak) eta nazioarteko zazpi konpainiak hartuko dute parte, Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua eta Argentinatik etorriak.

Aurtengo egitarauan hainbat motatako ikuskizunak eskainiko dituzte, tartean, 27 estreinaldi absolutu, Euskadin lehen aldiz aurkeztuko diren 18 lan eta edizio honetarako bereziki sortutako pieza bi.

Teatro Sobre Ruedas konpainiaren Revolucion ikuskizuna izango da ekitaldi nagusietako bat, irisgarritasunaren aldeko apustu argia eginez, desgaitasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako proposamena izango baita, eta, gainera, artistetako batek gurpildun aulkian parte hartuko du horretan. Bestalde, Visitans konpainiak Valentziako mascletá tradizionala eramango du Leioara, publikoak modu aktiboan parte hartu ahal izan dezan.

Dantzaren alorrean, Janire Etxaberen Atxine kaleko bertsioa estreinatuko dute; lehen aldiz dantza bertikala alde batera utzi eta dantza esekian oinarritutako ikuskizuna eskainiko du, hiriko performanceei ukitu berritzailea emanez.

Umore Azoka 2025 hausnarketa sozialerako eta aldarrikapenerako gunea ere izango da. Hala, La Troupe Malabó konpainiaren Eirene, una carpa bajo el cielo eta La Pez konpainiaren J. M. Brutal: El heladero que paro una guerra ikuskizunek bakea eta gerren aurkako diskurtsoa landuko dute. Zen del Sur konpainiak ere autismoaren aldeko aldarrikapena ere egingo du zirku eta musika uztartuko dituen Xpercto lanagaz.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, edizio honek aniztasuna izango du ardatz; bereziki, zuzeneko musika protagonismo handia izango du. Hala, Mattalingo Alabak taldea izango da horren adibide, baita Zen del Sur eta Teatro Sobre Ruedas konpainiak ere.

Era berean, umorea ere ez da faltako, Circ Vermut konpainiaren La Paradeta bezalako ikuskizunakaz, taldeak, publikoaren parte-hartzea uztartuko du, gainera amaiera harrigarria edukiko du. Trapu Zaharrak, berriz, La ultima y nos vamos! umorezko obra berria aurkeztuko du. Esperientzia multisensoriala ez da faltako El Circo de los Sentidos eskutik.

Hiru kontinenteetako artistak

Nazioarte mailan, azokak hiru kontinentetako artistak elkartuko ditu. Besteak beste, Argentinatik Noso3 lanagaz etorriko den zirkuko bikotea.

Jaialdia Leioako erdigunean kokatutako hainbat gunetan garatuko da, eta 25. urteurrena ospatzeko argi eta pirotekniako gaueko ikuskizunak ere egingo dituzte. Beste behin ere, udalerriko kaleak eszenatoki erraldoi bihurtuko dituzte, eta festibaleko espazioen arteko mugikortasuna erraza eta azkarra izango da.

600 proposamen baino gehiago

Umore Azokaren berezitasunetako bat kaleko arteen industriaren garapenean egindako ekarpena bada, sektoreko profesionalentzako topagune gisa ere funtzionatzen baitu. Guztira, 49 konpainia aukeratu dituzte jasotako 600 proposamen baino gehiagoen artetik, Umore Azokaren sendotasuna eta erakargarritasuna nabarmentzen duten datuak.

Horrenbestez, Leioak kulturaren eta kale arteen erreferentziazko gune bihurtuko da berriz ere, sormen berritzailez betetako agenda bategaz eta arte eszenikoak gozatzeko giro paregabeagaz. Hiria eremu publikoaren dinamizazioaren aldeko apustua berretsiz, antzerkia, dantza, zirkua eta magia herritar guztiengana hurbilduko ditu, adina eta egoera edozein dela ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun