Metro Bilbaoko bizikleta eta patineteentzako lehen disuasio-aparkalekua estreinatu dute Leioan

Ander Zarraga 2025ko mar. 13a, 15:40

Leioako metro-geralekuan jarri duten bizikleten eta patineteen aparkalekua garraio publikoaren osagarria izateko asmoa izango du. © BGP

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) bere lehen disuasio-aparkalekua estreinatu du Leioako metro-geltokian. Azpiegitura berri horrek herritarrak metro-geltokietara bizikleta pribatuan eta patinetean joan daitezen sustatzeko helburua dauka. Azpiegitura berriak erabilera pribatuko 20 bat bizikleta eta patinete hartzeko lekua dauka, eta Aldundiaren Bizkaibizi zerbitzuaren osagarria izango da

Iragarri dutenez, datozen hilabeteetan Ansio eta Ibarbengoako geltokietan bizikletetarako beste bi aparkaleku irekitzeko asmoa du BGPk, ibilgailuen aparkalekuak dauden lekuetan. Gerora, aparkalekuak Plentzia, Urduliz, Sopela, Algorta eta Etxebarrira ere zabaltzeko asmoa ere iragarri dute, baita Bilboko zenbait geltokitara ere. 

Bizikleten aparkalekura sartzeko eta bertatik irteteko, Barik txartel pertsonalizatua eduki beharko da, azpiegituraren sarrera eta irteera guztiak erregistratu ahal izateko. Barruan, erabiltzaileek beren bizikleta edo patinetea giltzatuko dute, eta, garraio publikoa erabiltzen duten bitartean, bateriak kargatzeko aukera ere izango dute, horretarako prestatutako entxufeetan.

Halaber, arduradunek azaldu dute aparkalekua erabiltzeko, gutxienez bidaia bat egin beharko dela metroz.  Azpiegituraren ordutegia Metro Bilbaok zerbitzua emateko ezarritako berbera izango dela ere zehaztu dute; hau da, ezin izango dira ibilgailuak ezarritako ordutegitik kanpo utzi edo jaso. Hasiera batean, doako zerbitzua izango da, hori ezagutzera eman arte, eta, ondoren, prezio sinbolikoa aplikatuko zaie erabiltzaileei.

Bizikleta edo patinetea aparkatzeko gehieneko denbora ondoz ondoko lau egunekoa izango da. Denbora hori igarotakoan, BGPk ibilgailua eraman ahal izango du, giltzarrapoa deuseztatu ondoren, aparkalekua libratu eta beste pertsona batzuek erabili ahal izan dezaten. 15 egun igarotzen badira jabeak ibilgailua erreklamatu gabe, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakunde bati emango diotela ere erantsi dute. Horrez gain, isunak edo zaintza-kostuak ezarri ahal izango dituzte azpiegitura behar ez bezala erabiltzeagatik.

Azkenik, azaldu dute bizikleten aparkalekuak Metro Bilbaoko Aginte Postuak eguneko 24 orduetan kontrolatzen dituen grabazio- eta bistaratze-kamerak izango dituela, bai eta interfonoak ere, behar izanez gero Erabiltzaileentzako Arreta Sistemagaz harremanetan jarri ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun