Martxoaren 20an Ikamako ikasleek kaleak hartuko dituzte, "Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko"

Nahia Martinez Gondra 2025ko mar. 14a, 10:37

Ikamako ikasleek Leioan egindako errepide mozketa. © IKAMA

Ikama ikasle antolakundeak deituta, manifestazioa antolatu dute Bilboko Jesusen Bihotzetik hasita martxoaren 20an, goizeko 12:00etan, "Euskal Herrirako hezkuntza propio baten beharra aldarrikatzeko". Abenduan ezagutzera eman zuten Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioan oinarritzen zena. Orain, papereko aldarri horiek kalean gorpuzteko asmoa adierazi dute.

Ikamak azaldu duenez, bi hilabete hauetan “Behar dugun hezkuntzarako, Independentzia” dinamikaren baitan lanean aritu dira, ikasleria borroka independentistara hurbiltzeko asmotan. "Gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposatuak dira eta haien interesak betetzen dituzte", salatu dute. Halaber, Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eraikitzeko modua Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea dela nabarmendu dute, "eta botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar du". 

"Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez-segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu. Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da. Gainera, faxismoaren gorakadaren testuinguruan, borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar du, eta hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen da: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemaren erreprodukzioa eten egingo duena", aldarrikatu dute.

Ildo horretan, Leioako unibertsitatean hainbat mobilizazio egin dituzte: otsailean, “Hezkuntzak euskaraz izan behar du” mahai ingurua izan zuten hezkuntza euskaldunaren inguruan hausnartzeko. Gainera, EHUko beste kanpusetan hitzaldiak egin dituzte antifaxismoa, ikas baldintzak eta feminismoaren inguruan. Horrez gain, aste honetan, unibertsitateko errepidea moztu dute martxoaren 20ko ikasle greba indartzeko. Halaber, Uribe Kostako ikastetxeetan ere hainbat jarduera egin dituzte. Ander Deunan “Zergaitik mobilizatzen gara?” hitzaldia egin zuten martxoaren 13an, eta asanbladak egiten ari dira beste hainbat zentrotan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun