Leioa Abian egitasmoa abiatu dute, gura ez den bakardadeari aurre egiteko laguntza-sarea

Erredakzioa 2025ko mar. 18a, 13:47

Leioa Abian ekimenaren barruan, Udalak topaketa bat antolatuko du astero, bakardadean dauden pertsonen artean harremanak sustatzeko. © LEIOAKO UDALA

Udalak martxan jarritako ekimenaren helburu nagusia Leioan harreman-loturak eta elkarri laguntzeko sareak sortzea da, bakardadeko eta gizarte-hauskortasuneko egoeretan prebentzioa, detekzioa eta esku-hartzea integratuko dituen abordatze-eredu baten bidez. Horretarako, bakardadearen aurkako tokiko eragileen sare baten inguruan egituratuko dute programa. Sare hori bizilagunek, saltokiek, farmaziek eta udalerriko beste eragile giltzarri batzuek osatuko dute.

Leioako Udalak, udalerriko bizilagunen ongizateagaz duen konpromisoaren barruan, Leioa Abian programa jarri du abian, komunitateko ekimen bat, herrian gura ez den bakardade-egoerak prebenitu eta jorratzeko.
Horren bitartez zainketa-komunitate bat sendotzea sustatu gura da, elkartzeko eta parte hartzeko gune bat, non adinekoek beren esperientziak eskaini eta elkarri lagundu ahal izango dioten. Horri esker, laguntza jasotzeaz gain, pertsona askok rol aktiboa bete dezaketela beren inguruneko bizi-kalitatea hobetzeko.

Topaketak, astero

Ekimen honen baitan, Udalak, astero, topaketa bat antolatuko du kafe bat hartzeko aitzakiagaz. Horrela, gura ez den bakardadean dauden pertsonak kalera atera, harremanak izan eta komunitatean harreman berriak sortzeko aukera izatea lortu gura da.

Adinekoen ongizatea sustatu gura duten uneak dira, topaguneak, bakardade- edo isolamendu-egoeren aurrean pertsona horiek beren laguntza partekatu ahal izan dezaten. Programak SSI Taldearen babes teknikoa izango du, eta hasiera batean Lamiako, Pinueta eta Txorierri auzoetan hedatuko da.

Herritarren parte-hartzea errazteko eta programari buruzko informazioa emateko, Leioa Abianek arreta-gune bat izango du Lamiakoko Adinekoen Zentroan, Langileria kaleko 64. zenbakian, eta asteazkenetan egongo da irekita, 09:00etatik 13:00etara. Era berean, ekimenari buruz gehiago jakin gura duen edonor jar daiteke harremanetan 747 457 183 telefonora deituta edo leioabian@leioa.eus helbide elektronikora idatiz.

Leioako Udalak programa honegaz, Gizarte Politiken arloaren bitartez, gizarte-kohesioagaz eta leioaztarren bizi-kalitatea hobetzeagaz duen konpromisoa indartu gura, lankidetzan eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako esku-hartze eredua sendotuz.

Erkidegoko estrategia horrek adinekoengan eragin positiboa izateaz gain, udalerriko gizarte-ehuna indartzen ere laguntzea espero da, konpainiaren garrantziari eta pertsonen arteko laguntzari buruzko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa sortuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun