Musikako talenturik onenak Leioan arituko dira zapatu honetan

Ander Zarraga 2025ko mar. 19a, 13:34

Aurtengo sariketan 15 ikaslek hainbat pieza eskainiko dituzte egun osoan zehar. © LEIOAKO UDALA

19. César Uceda Leioa Gazte Interpreteen Saria egingo dute zapatuan, martxoaren 22an, Leioako Udal Kontserbatorioan. Estatu osoko talentu handiko musikari gazteek parte hartuko dute lehiaketa horretan.

Estatu osoko Musika Kontserbatorio edo Irakaskuntza Profesionaletako Zentro Baimenduetako 15 ikaslek hainbat pieza interpretatuko dituzte, gero epaimahai batek ebaluatuak izateko. Edizio honetan, 12 espezialitate instrumentaletako ordezkariak izango dira: akordeoia, biolina, biola, txirula, klarinetea, saxofoia, tronpa, kontrabaxua, pianoa, perkusioa eta kantua.

Cesar Uceda Leioa Gazte Interpreteen Saia 20 urtetik beherako ikasleei zuzenduta dagoen lehiaketa da, salbuespen bakarra abeslari bakarlari espezialitatean parte hartzen dutenenak dira; horiek 25 urtera artekoak izan daitezke. Parte-hartzaileak hautatzeko, beren ikasketa-espedientea, egindako ikastaroak eta bestelako meritu artistikoak hartu dituzte kontuan.

Irabazleen artean honako sari hauek banatuko ditu epaimahaiak: lehenengo postuarentzat 700 euro, bigarrenarentzat 500 euro eta hirugarrenarentzat 300 euro. Gainera, ohorezko aipamen bat eta aipamen berezi bat ere egongo dira, musika bikaintasuna aitortzeko.

Trio Skholéren emanaldia

Aurten egingo duten 19. edizioko epaimahaia musika arloko irakasle eta profesional ezagunek osatuko dute: Miguel Ituarte (piano irakaslea), Elena Escalza (biolontxelo orkestrako errepertorio irakaslea) eta Sergio Barranco (klarinete orkestrako errepertorio irakaslea), denak Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasleak. Mari Asun Ucedak, Cesar Ucedaren arrebak, ere parte hartuko du epaimahaian.

Sari banaketa zapatuan bertan izango da, 19:30etik aurrera, Leioako Udal Kontserbatorioko Auditorioan. Ekitaldian Leioako alkatea, Iban Rodriguez, izango da, eta ohikoa den bezala, lehenengo saria irabazi duenak 10 minutuko emanaldia eskainiko du, eta ondoren, Skholé Trioak itxiera-kontzertua eskainiko du.

Leioako Udalak kultura eta musika-hezkuntzagaz duen konpromisoa berretsi gura du lehiaketa honen bidez, gazte interpreteentzat hitzordu garrantzitsua bilakatu baita; hala, ekitaldirako sarrera doakoa izango da, tokia bete arte. 

Lehiaketa hau herriko interprete gazteentzako hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtu da, eta Leioako Udalak kulturagaz eta musika-prestakuntzagaz duen konpromisoaren beste adibide bat da.

Kontserbatorioa eta Udal Musika Eskola

Leioako Udal Kontserbatorioko prestakuntza akademiko profesionala sei ikastarotan eta 18 espezialitate instrumental desberdinetan egituratzen da. Musikako 58 profesional eta musikako goi-mailako karrerako 36 ikasle ditu gaur-gaurkoz.

Leioako Udal Musika Eskolak hezkuntza ludikoa eskaintzen du, kalitate handikoa, Kontserbatorioko irakasle berberek emana eta instrumentu sorta osoagaz. Batez ere, udalerriko biztanleei zuzenduta dago, baina beste herri batzuetako ikasleak ere onartzen dira, plaza libreak geratzen badira.

Kasu honetan, arautu gabeko musika-prestakuntza eskaintzea da helburua, amateurra, taldeka musika egitea sustatuz eta ikasle motibatuak eta musikalki gaituak hautemanez, irakaskuntza indartua emateko, kontserbatorio profesionaleko irakaskuntza arautuan sartzeko aukera izan dezaten. Gaur egun, Leioako Udal Musika Eskolak eta Kontserbatorioak 770 ikasle dituzte, 7 urtetik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun