Miguel Pulgarín Romero APNABIko presidenteak eta Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak atzo egin zuten ekimenaren aurkezpenean horren helburu solidarioa berretsi zuten; izan ere, elkarteak autismoari buruzko sentsibilizazioa areagotzea eta kolektiboaren errekonozimendu soziala bultzatzea du helburu. Gainera, aurkezpenean Leioako Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzia den Pilar Grados, Apnabiko gerentea Natxo Ruiz eta Leioako Euskadiko Kutxaren Bulegoko zuzendaria den Esti Bayo egon ziren.
Azaldu zutenez, egun hori dibulgazio-jardunaldi bategaz hasi zen aurreko otsailaren 17an, eta martxoaren 27an ere errepikatuko dute, baita apirilaren 2an, bertan egingo den herri-festa handian. Autismoaren Mundu Eguna kontzientziatzera eta sentsibilizatzera bideratutako data bat dela ere azpimarratu zuten, baina baita kolektibo hori ikusaraztera ere, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen inklusioaren aldeko inplikazioa indartzeko, hain zuzen ere.
Programazioa
Autismoa martxan! aurtengo martxa apirilaren 6an egingo dute, 11:30ean, Leioako Errekalde plazatik abiatuta, eta 4,5 kilometroko ibilbide irisgarria izango du. Amaieran, Barandiaran institutuko patioan, kirol jolasez, autismoari buruzko informazio guneez eta pertsona guztiei egokitutako jai giro atseginaz gozatu ahal izango dute parte hartzaileek. Izen-emateak 6 euroko kostua izango du, eta horregaz batera APNABIren elastiko oroigarri bat emango zaie bertaratzen direnei; hornidura jasotzeko aukera ere izango dute.
Izena emateko epea apirilaren 2an amaituko da. Prozedura APNABIren webgunearen edo Rock The Sport plataformaren bidez egin daiteke.
Ospakizun honegaz, Leioak Barakaldon 2024an egin zen martxa arrakastatsuaren lekukoa hartuko duela azaldu zuten aurkezpenean, non lehen aldiz 1.000 parte-hartzailetik gora izan ziren. Elkarteak urtero eramaten du ekimen hau eta bere izaera sentsibilizatzailea Bizkaiko udalerri batera, kolektiboaren ikusgarritasuna bultzatzeko eta autismoa duten pertsonakaz eta haien familiakaz gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko helburuagaz.