Asialdiko begirale eta koordinatzaileen lan-poltsa sortzeko prozesua ireki du Leioako Udalak

Erredakzioa 2025ko api. 8a, 12:49

Aisialdiko begirale eta koordinatzaileen lan-poltsa sortzeko prozesua jarri du martxan Leioako Udalak. Helburua da udako oporretan, normalean uztailean, egiten diren aisialdiko eta familia-kontziliazioko udal-udalekuetako langile-beharrak asetzea. Aurten, 50 bat pertsona kontratatzea aurreikusi dute udal-arduradunek. Interesdunek udalaren egoitza elektronikoan (Begirale - Koordinatzailea) edo Gaztelubideko edo Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkez dezakete eskabidea, bi kasuetan, apirilaren 23ra arte.

Hauek dira bete beharreko baldintzak:

  • B2 euskarako titulua edo baliokidea.
  • Aisialdiko begirale-titulua, begirale-posturako.
  • Aisialdiko zuzendariaren titulua, irakaskuntzako edo gizarte- eta kirol-animazioko goi-mailako titulua, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien mailako titulua edo koordinatzaile posturako baliokidea.

Meritu gisa, honako hauek hartuko dituzte kontuan:

  • 3. hizkuntza-eskakizuna edo euskararen C1 mailarekin parekatutako titulu edo ziurtagiriren bat.
  • Sorospeneko eta lehen sorospenetako titulazioa.
  • KDA maneiatzeko titulazioa.
  • Betekizun gisa eskatutakoa baino goi-mailako titulazioa.
  • Aisialdiko edo kiroleko begiraleei buruzko prestakuntza-ikastaroak.
  • Berdintasunaren arloko prestakuntza-ikastaroak.
  • Eginkizun baliokideak dituzten lanpostuetan egiaztatutako lanbide-esperientzia.

Onartuen zerrendak udaletxeko iragarki-taula digitalean, Sakoneta kiroldegian eta Behargintzak argitaratuko dituzte, baita udal-webgunean ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun